Astekaria

Dantzaren magia eta haria

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko eka. 11a, 13:07

Maitesua, Berpiztu eta Oihuarima, Irantzu Gonzalez eta Igone Augusto irakasleekin, Euskadiko Nazionalean. UTZITAKOA

Dantza lehiaketa denboraldi "oso baikorra" izan dela esan dute Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako irakasleek; helburua disfrutatzea eta dantzari bezala garatzen jarraitzea dela gaineratu dute. 'Harry Potter' eta 'Haria' jaialdiak prestatzen ari dira.

Irantzu Gonzalez Dantza Eskolan ikasturte "oso berezia" izan da Irantzu Gonzalez Azpiroz zuzendaria ikasturte hasieran ama izan zelako. "Oso pozik nago talde handi bat dudalako, urteetan zehar osatu duguna". Eskolak "sare bat" osatzen duela gaineratu du: "Nire amatasunaz gozatzeko aukera eman dit". Azaroan eskolaren zortzigarren urteurrena ospatu zuten, eta bertan urteetan ereindakoaz disfrutatzeko aukera izan zuela esan du Gonzalezek: "Ama izan ondoren lehenengo aldia zen ateratzen nintzena eta disfrutatzen egon nintzen. Harrituta gelditu nintzen irakasleek eta talde guztiek sortu zituzten koreografiekin". Igone Augusto Fernandez dantzaria eskola sortu zenetik ia hasieratik da irakasle, eta urte honetan zuzendariak beragan duen konfiantza ikusi du: "Nahiz eta elkarrekin egoteko denbora gutxiago izan, eskolarekin eta ekipoarekin askoz konektatuago sentitu naiz".

Dantza eskolan berrehun bat ikasle daude, haur hezkuntzako haurretatik hasi eta helduetara. Altsasun duen eskola ez ezik, Lakuntzan eta Beasainen ere delegazioak ditu. Dantza moderno, klasiko eta garaikide estiloak lantzen dituzte, baita yoga ere. Gonzalez eta Augustorekin batera, sei dantzarik osatzen dute irakasle taldea. "Eskerrak eman nahi dizkiet Igone, Amaiur, Maitane, Yoli, Saioa, Leire... Eskolatik deskonektatzen utzi didate. Urteekin sortutako zerbait da, eta oso lasai utzi diet eskola. Ni egongo banintz bezala izan da". 

Denboraldia
"Lehiaketetara joatera animatzen gara beti zerbait baikorra ateratzen dugulako. Denboraldia ona izan da; nik uste oso ongi egin dugula", esan du Augustok. Gonzalezek azaldu duenez, lehiaketetara "helduagoak" direnean eramaten dituzte, "beste modu batera disfruta dezaten". Txapelketetan parte hartzea esperientzia bat da: "Hemendik kanpoko dantzak ikusteko aukera ematen die, dantzariak ezagutzen dituzte, eta motibazio bat dute". Burgosera, Madrilera edo Bilbora joatea, jarraitu du zuzendariak, motibazio "oso handia" da: "Hainbeste gustatzen zaizun horretan garatzen jarraitzeko, hau da, dantzari bezala garatzen jarraitzeko". Hala ere, dantzari bezala oholtzara ateratzeko edozein une desiratu behar dutela gaineratu du: "Dantza arte bat da, eta arte hori adierazten duzun edozein aukera garrantzitsua da. Dena eman behar duzu beti". 


Ilunabarra, Sua eta Propulsion taldeak, irakasleekin, Madrilgo txapelketan. UTZITAKOA

Lau txapelketetan parte hartu du Irantzu Gonzalez Dantza Eskolak, sei talderekin

Aurtengo denboraldian lau txapelketetan parte hartu du Irantzu Gonzalez Dantza Eskolak, sei talderekin. Oihuarima taldeak Burgosko Orbe jaialdian, Bilboko Dantzatun eta Euskaldiko Nazionalean parte hartu du, eta bi sari irabazi ditu: Orben garaikideko aurreprofesional kategorian hirugarren saria eta Marcos eta Paula dantzari errebelazioa, eta Nazionalean hirugarren saria. Maitesua taldeak Orben, Dantzatun eta Nazionalean parte hartu du eta Burgosen Youth Jazz kategoriako lehenengo saria irabazi du, eta Izarrak saria Nazionalean. Berpiztuk Burgosko Orben parte hartu du, Absolutu kategorian bigarren saria irabaziz, eta Nazionalean ere parte hartu du. Denboraldiarekin amaituz Sua, Ilunabarra eta Propulsion taldeek Madrilgo BSDansa New Talets lehiaketan parte hartu dute; Suak bigarren saria irabazi du eta Ilunabarrak eta Propulsionek hirugarren saria. 


Maitesua taldea Nazionalean koreografioaren une batean. UTZITAKOA

Jaialdiak

Bi ikuskizun eginen dituzte: 'Harry Potter' ekainaren 15ean eta 'Haria' 22an, Iortian

Ikasturte amaierako bi ikuskizun prestatzen ari dira, Iortian: ekainaren 15ean, Harry Potter haurren taldeekin eta, ekainaren 22an, Haria ikuskizuna gazte eta helduen taldeekin. "Musika eta kontestua Harry Potterrena da, baina gure ibarrera ekarri nahi genuen eta Lakuntzan Aralar eta San Saastin etxeak izango dira eta Altsasun hiru desagertutako herrien izenak berreskuratu ditugu: Elcuren, Saratsu eta Urayar". Magia eskola, Hogwarts, Urbasan dago, baina mugglek ezin dute ikusi.

Lehenengo jaialdietan gai bat aukeratzen zuten eta horren inguruan egiten zituzten koreografiak, baina musikalak egiten dituztenetik "izugarri gustatzen zaie talde bakoitza pertsonaia bat delako. Geroz eta antzerki gehiago sartzen dugu". Interpretazioa "oso garrantzitsua" dela gaineratu du Gonzalezek: "Inprobisatzerako orduan asko laguntzen dietelako". Inprobisatzea asko kostatzen zaie, "eta honekin askatzen dira".

Haria jaialdia "oso berezia" izango dela esan du zuzendariak. "Hari bat eman nahi izan diogu, inoiz baino hobe esanda, eta iruleendako omenaldi bat izango da; haria artiletik ateratzen dela...". Sorpresak egongo direla aurreratu du.