Burunda pilotalekuak Javier Arregi, Arregi III.a, eta Aritz Remirez, Remirez II.aren arteko pilota apustua hartu zuen garagarrilaren 8an, larunbatean. Hitzartutakoaren arabera, Sakanako morroskoak, Arregi III.ak, hamabost tantoko aldea eman zion Beasaingo zigorrari, Remirez II.ari. Pilotan aritutakoa da Arregi, horretan ez baina beste hainbat kiroletan aritutakoa Remirez. Larunbatean, 11:30ean, zuten hitzordua jarrita. 50 bat zale sutsuren aurrean jokatu zen partida.
Ikuskizuna kantxan eta harmailan izan zen, batzuen jokoagatik, besteen aipuengatik. Txapapera joandako dejada, bestelako hutsak edo drama tarte bat, Remirezen tantoek eta partida luzatzeak Sakanako morroskoarengan eragina izan zuen eta, markagailuari begiratuta, Beasaingo zigorrak "erraz" irabazi zuen partida, 22 eta 9. Jokalari eta zaleak bildu zituen lagunarteko bazkari animatu batek bi apustularien arteko errebantxa lotzeko balio izan zuen. Udazkenerako hitzartu omen dute bigarren neurketa. Dagoeneko zaleak data iristeko irrikitan daude.