Nafar Lansarek (NL), Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, langabetuendako prestakuntza eskaintza indartu du hainbat ikastarorekin. Lehen aldiz, euskarazko hiru ikastaro emango dira: ostalaritzako bezeroarentzako arreta, zerbitzuetako laguntzailea eta eskolako jantokiko zaintzailea. Gainerakoak gaztelaniaz emango dira, baina, berrikuntza gisa, prestakuntza-erakundeek euskaraz ematea erabaki dezakete, betiere eskuragarri eta eskaera kontuan hartuta.
Eskaintzako bi ikastaro Altsasun izanen dira. Haietako bat da espazio irekietako eta industria-instalazioetako garbiketa ikastaroa. Aurrez aurreko ikastaroa izanen da, 130 orduko iraupena izanen duena. Ikastaro hori egiten duten pertsonek jasoko duten jakintzarekin honako lanbidetan aritzeko aukera izanen dute: hondakin bilketako langilea, kale garbitzailea, estolderia mantentzeko langilea, kale-garbiketako langilea, hondakinak biltzeko peoia eta antzekoak. Ikastaroan izena emateko gaztelania ezagutu beharko da. Ager Formacion SM enpresak emanen du ikastaroa, irailaren 9tik lastailaren 14ra arte, 09:00etatik 14:00etara.
Beste ikastaroa industria ekipoen mantentze eta muntaia mekanikoa ikastaroa da. 70 orduko iraupena izanen du ikastaroak. Ikasleak honako lanpostuekin lotutako ezagutzak eskuratzea: mantentze lanetako mekanikaria, muntatzaile industriala eta linea automatizatuaren mantentzailea. Ikastaroa Sakana Lanbide Heziketa institutuan izanen da, lastailaren 10etik 31ra, astegunetan, 15:30etik 20:00etara. Gutxieneko ikasketak eskatu ditu.
Landunendako ikastaroak
NLk zenbait prestakuntza erakunderi ematea ere onartu du, lehentasunez landunendako ikastaroak kudeatzeko. Guztira 49 prestakuntza-programa eman zaizkie 31 erakunderi, 1.700.000 euroko zenbatekoarekin eta 4.000 plaza baino gehiago eskaintzeko aukerarekin.
Espezialitate eta sektore ugariri buruzko zeharkako ikastaroez gain (erakundeek beharren eta eskariaren arabera antolatuko dituzte), Enplegutik Gizarte Ekonomiaren eremuan lan egiten dutenentzat, desgaitasuna dutenentzat eta langile autonomoentzat gordetzen dira ikastaroak. Langabeendako deialdian bezala, euskarazko bi prestakuntza-programa eman dira lehen aldiz. Ikastaroen eskaintza Iruñeko, Tuterako, Tafallako, Lodosako, Lizarrako, Doneztebeko, Agoitzeko eta Altsasuko agentzietara iritsiko da.