Mendia / Triatloia

Olatz Azazetaren bi podiumak

Guaixe 2024ko eka. 18a, 11:00

Olatz Azazeta, ezkerrean, Mitxarroko Birako podiumean. MITXARROKO BIRA

Mitxarro Biran bigarren izan zen, eta Beriaingo Taldekako Erlojupekoan txapelduna

Olatz Azazeta Pelaezek asteburu kirolzale ederra bizi zuen, eta bi podiumera igo zen. Ekainaren 8an Araiako IX. Mitxarroko Bira mendi lasterketan parte hartu zuen, bere ibilbidean Zalkorta eta Aratz mendiak jaso zituen proba ederrean (27,5 km, 1.775 m desnibel +). Izai Larreak (2:55:30) eta Irune Velez de Mendizabalek (3:19:56) irabazitako proban, Azazeta bigarren emakumea izan zen (3:23:33), lasterketa bikaina egin eta gero. Dantzaleku Sakanako bere taldekide Ander Iraizoz (3:09:43) eta Juan Larrea (3:09:43) zortzigarren eta bederatzigarren sailkatu ziren, eta jubenil mailako lasterketan Jorge Diaz bigarren izan zen (2:04:02). 

Beriaingo Taldekako Triatloia
Hurrengo egunean, ekainak 9, V. Beriaingo Taldekako Triatloi Erlojupekoa jokatu zen, Carlos Miranda Oroimenezkoa, eta bertan lehiatu zen altsasuarra. La Moreako baltsan 750 m igeri egin, 20 km-ko bizikleta tartea osatu, eta 5 km-ko korrikaldia egin behar izan zuten triatletek. Emakumezkoen open mailan azkarrenak Olatz Azazetak, Naia Lopezek, Uxue Seminariok eta Laura Apariciok osatutako Leonas taldekoak izan ziren (1:32:22).