Udaltzaingoarendako ibilgailua erosiko du Altsasuko Udalak

Guaixe 2024ko eka. 18a, 11:51

Udaltzaingoaren autoa Intxaurrondo kalean. ARTXIBOA

SUV motako ibilgailu hibrido ez entxufagarria izanen da.

Aurreneko deialdian eskaintzarik jaso ez zenez, deialdian aldaketak eginda, Altsasuko Udalak Udaltzaingoarendako SUV motako autoa erosteko deialdi berria egin du. Horretarako, 28.950 euro (BEZik gabe) bideratu ditu. Interesa duen enpresak eskaintza egiteko garagarrilaren 26ko 23:59ra arte du. Kontratua eskuratzen duenak hiru hilabete izanen ditu ibilgailua udalari emateko. Erosketarako udalak dirulaguntza eskatuko du. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, egun udaltzainek erabiltzen duten ibilgailua obren lantaldearena izatera pasako da. Horretarako, aurretik ibilgailuan dauden poliziaren hainbat elementu kenduko dituzte. Udaltzaingoaren autoa 2006koa da.