Astekaria

"Abesten dugunean lasaitzen gara; horretan gaude"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko eka. 19a, 14:04

Irati eta Ekhiñe Lumbreras musikariak. UTZITAKOA

Irati eta Ekhiñe Lumbreras ahizpa altsasuarrek musika barrutik daramate, eta sare sozialetan ezagutzera eman ondoren, zenbait kontzertu eman dituzte eta gehiago egiteko prest daude.

Ekhiñe eta Irati Lumbreras Fernandez de Arroyabe ahizpa altsasuarren etxean "beti egon da musika". Aita musikaria da eta amaren familian aitona eta birraitona musikariak izan direla azaldu dute. Ekhiñe Altsasuko Musika Eskolan musika ikasten hasi zen eta, ondoren, sei urteko kontserbatorioko ikasketak egin zituen; besteak beste, zeharkako txirula eta pianoa ikasi zuen, eta Iratik bi urtez kantu klaseak eman ditu. Gitarrarekin eta pianoarekin kontzertuak ematen dituzte, eta hurrengoa ekainaren 23an, igandea, eginen duten bigarren Ganbarazelaia azokan izanen da. Azokaren filosofiarekin bat egiten dute: "Ilusio handia egiten digu bertan jotzeak azoka oso interesagarria delako; arropari eta etxeko materialei bigarren bizitza edo aukera hori ematea oso interesgarria da. Gu egongo gara, pintxopotea...". 

Nola sortu zen bikote musikari bezala aritzeko erabakia?
Konfinamenduan hasi ginen sare sozialetara bideoak igotzen. Egia da konfinamenduaren aurretik ere bakoitzak bere kabuz egiten genituela gauzak: Instagramera jotzen edo abesten bideoak igotzen genituen. Konfinamendua iritsi zen eta hor atera zen gure artista sena hori eta esan genuen: "Gure kabuz ongi ateratzen bada, zergatik ez gara animatzen batera abesten?". Konturatu ginen egiten genuena polita zela, eta aurrera. Jendeari gustatzen zitzaion, erantzuna oso polita izan zen.

Lehenengo kontzertua nola sortu zen? 
Sare sozialei esker jendeak ezagutzen gaitu eta azkenean aukerak sortzen dira. Lehenengoa Altsasuko Peñak 2023ko festen aurretik egindako pankarta aurkezteko ekitaldian izan zen. Peñak gurekin harremanetan jarri ziren eta abestiren bat abesteko esan ziguten; azkenean, ordu bateko kontzertu bat eskaini genuen.

Bideoak egiten jarraitzen duzue?
Ez. Konfinamendu garaian denbora gehiegi genuen, baina orain elkartzeko zailagoa dugu eta kontzertuetarako entseatzeko elkartzen gara. 

Ahizpak izatean errazagoa edo zailagoa da? 
Errazagoa da. Arazoak sortzen dira, baina ongi ezagutzen garenez eta konfiantza dagoenez, badakigu nola konpondu. 

Zer nolako abestiak abesten dituzue?
Batez ere rock euskalduna egiten dugu; guri gustatzen zaizkigun abestien bertsioak egiten ditugu. Izan daiteke runba bat, rock euskalduna edo ingelesezko abesti bat. Katalanarekin ere saiatu behar gara, ea zer moduz ateratzen den. Pixka bat denetarik. Errepertorioa osatzea kostatzen zaigu. Ez da erraza ordu bateko kontzertua emateko zer abesti edo errepertorio izango dugun erabakitzea, baina hasten gara gure talde gogokoenak aukeratzen eta horrela ondoren horietatik zeintzuk diren gure abesti gogokoenak. Horren arabera joaten gara prestatzen eta aukeratzen.  

Partiturak nola lortzen dituzue?
Internetetik letrarekin eta akordeekin ateratzen ditugu, eta bestela entzuten ateratzen ditugu ere. 

Zure ahotsetara egokitu behar dituzue, ezta? 
Batzuetan abesti bat entzuten dugunean iruditzen zaigu tonua altuegi edo baxuegi dagoela, orduan gure tonura egokitzen dugu; tonu bat jaitsi edo igo, eta hori hobe geratzen zaigu. Gure tonalitate hori bilatzen joan behar gara.  


Ekhiñe eta Irati EHEren Harrotasun astean emandako kontzertuan.

Asko entseatzen duzue?
Gehiegi. Gero ahotsean arazoak izaten ditugu eta hitz egin gabe egon behar gara. Normalean kontzertu baten aurrean entseatzen dugu; kontzertuaren data hartu eta entseguak jartzen ditugu. Oso gustura egoten gara, espero gehiago egitea. 

Momentuz bertsioak egiten dituzue, zuen abestiak egitea pentsatu duzue? 
Pentsatu dugu, bai. Gitarrarekin segurtasuna bilatu nahi dugu, ikasketa gehiago egin, sortze prozesu horretan sartzeko. Baina ez dugu alde batera uzten abestiak egitearena. 

Nola bizi duzue musika? Zer da musika zuendako?
Lasaitasuna. Gure bizitza beti da alde batetik bestera korrika ibiltzea, gauza pila bat egiten eta ezin iritsi. Orduan, abesten dugunean edo musika egiten dugunean da: Stop. Hau egin behar dugu, hemen gaude, eta gainera disfrutatzen. Buruan ditugun gauza txar guztiak, kakotxen artean, nolabait alde batera uzten ditugu. Fisikoki eta mentalki deskantsatzeko momentu bat da. 

Baina urduritasuna dago ere.
Bai, nerbio asko, gainera. Baina eramangarria, onak.

Nolakoak dira zuen zuzenekoak?
Kontzertuaren araberakoa. Egin ditugu hiru edo lau abestirekin edo ordu batekoak. Gitarrarekin abesten saiatzen gara, azkenean pianoa eramatea tramankulu handia delako; orduan, gitarrarekin egiten ditugu. Dena dela, ekainaren 23koa Iortia zabalgunean denez eta gure etxearen ondoan dagoenez, ez zaigu inporta pianoa jaistea eta gitarrarekin eta pianoarekin izango da.

Zertan desberdintzen zarete?

"Bi ahots izateak aukera ematen dizu gehiago harmonizatzeko; osotasun bat dago"

Esatea zaila da. Bi ahots izateak aukera ematen dizu gehiago harmonizatzeko eta abestiak osotasun bat bezala entzuten dira. Beteagoak bezala gelditzen dira. Bi ahots egotea oso garrantzitsua da; bigarren ahotsak nolabaiteko oinarri bat ematen du. Baita guretako segurtasuna ere.

Etorkizunean zer? 
Momentuz ez ditugu data gehiago itxita, badago hortik baten bat baina itxi gabe. Jarraituko dugu.