Txirrindularitza

Iker Gomezek zortzigarren garaipena lortu du, Eibarren

Guaixe 2024ko eka. 18a, 12:00

Iker Gomez, halaber, mendiko txapelduna izan zen. UTZITAKOA

Banakako zortzi garaipenei Espainiako selekzioarekin Italiako Baron Sari Nagusian irabazitako taldekako erlojupekoa gehitu behar zaio

Ekainaren 16an, Eibarren, juniorren mailako LXXXVIII. San Juan Sari Nagusia jokatu zen (96,9 km), aldi berean Gipuzkoako Txapelketa zena. Ibilbide menditsu eta gorabeheratsuan Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra (Quesos Albeniz) ikusgarri aritu zen beste behin, eta denboraldiko bere zortzigarren garaipena lortu zuen (2:17:53), helmugara elkarrekin iritsitako hamahiru txirrindularien arteko esprintean gailenduta. Lasterketa irabazteaz gain, Iker Gomezek mendiko sailkapena irabazi zuen, Kalbario eta Azkarate gainetan lehena izan eta gero. Gomezen bakarkako zortzi garaipenei Espainiako selekzioarekin Italiako Baron Sari Nagusian irabazi zuen taldekako erlojupekoa gehitu behar zaio, beraz, lehen bederatzi postu guztira. 

Quesos Albenizko taldekideak ere fin ibili ziren. Eñaut Oiarbide 24. postuan sailkatu zen, Iker Begiristain 35. eta Ekaitz Perez 43. Gipuzkoako txapelduna Aimar Fernandez de Gorostiza izan zen (Ipar Maquina-Dimaq). 

Ekain Imaz, V. Araba Klasikoan
Ekainaren 15ean juniorren mailako V. Araba Gasteiz Klasikoa jokatu zen, Espainiako Junior mailako Kopako baliagarria zen proba. Lasterketa esprintean erabaki zen eta Adria Pericas (Purito) gailendu zen. Tolosa / Danena taldeko Ekain Imaz 24. sailkatu zen.