Ekainaren 26ko azken saioan berari bozkatzeko deia egin du altsasuarrak.
1. Zergatik aurkeztu zinen ‘El Conquis’ saioko castingera?
Programa betidanik gustatu zait. Altsasuko festetan geundela, mugikorrean saioko iragarki bat ikusi nuen, eta beroan izena eman nuen. Castinga Iruña Park hotelean izan zen; bakoitzak ordu laurden bat zuen, baina ni 45 minutu egon nintzen. Nire bizitza guztia kontatu nien, eta hainbat pasadizo.
2. Sakana Group fundizioan lan egiten duen kimikari batek jokoa emango ziela pentsatuko zuten.
Agian saltsa pixka bat jarriko nuela (kar-kar). 15 egun pasatuta, aurre hautatua nengoela esan zidaten: analisiak egin zizkidaten, esfortzu-proba, txertoak, alergiak... eta zuzendariarekin elkarrizketa izan nuen. Ni sartzerakoan, barrezka hasi zen. Arropa ere probatu zidaten. Eta 15 egun barru hautatua nengoela esan zidaten.
3. Aurten ‘El Conquis’-eko 20. edizioa denez, lehendabiziko edizioari keinua eginez Patagonian grabatu zenuten saioa. Noiz joan zineten?
Azaroaren erdialdean. Han udaberria zen, eguraldia egun batetik bestera asko aldatzen zen. Egun batzuk lainotsuak eta euritsuak ziren, eta beste batzuk politak. Nolanahi ere, altueragatik tenperaturak nahiko hotzak ziren. Egunean 15 gradu izan zitezkeen, baina gauean 0 gradutara jaisten ziren. Programa grabatzen 15 egun egon nintzen, eta aurretik etxola moduko batzuetan bi egun egon ginen, taldea ezagutzeko. Joan nintzen eguna gehituta, guztira 18 egun izan ziren.
4. Taldea gorria zen zurea: pumak. Zer moduzko esperientzia izan da?
Orokorrean ‘El Conquis’ amets baten modukoa izan da. Hasieran pixka bat urduri nengoen, taldekideak ez nituelako ezagutzen. Gainera, lehen probetan ez nuen gehiegi nabarmendu nahi, baina taldekideek berehala ezagutu ninduten.
5. Alaia zara, eta joko asko eman duzu. Taldekideek egindako janari lapurreta saiakera nola bizi izan zenuen?
Taldean guztiekin harreman ona nuen, baina izaera ere badut. Janariaren inguruan, 60 ordu generamatzan jan gabe, eta hirugarren proba irabazi genuenean bakoitzari elikagai zaku bat eman ziguten. Nik eta Xabik gure zakuak konpartitu genituen, eta ongi antolatu ginen, baina jendea gehiegi jaten hasi zen. Janaria bilatzeko ikerketa hasi beharko genuela hitz egin zen taldean, baina hobeki aztertuta, janaria lapurtzen harrapatzen baninduten bertatik kanporatu ahal nindutela ikusita ni ez nintzen Sebasen txabola horretara igo, eta libratu nintzen. Gure taldea, pumena, desagertu egin zen; bere unean egoera ez mozten jakitea, hori da dudan damua. Talde urdinera joan ginen, eta horrek jopuntuan jarri gintuen. Bertan ‘El Conquis’-eko beste edizio batzuetako partaide mitikoak zeuden: Lobo, Andrea, Jokin, Luisito... oso gustura egon nintzen eurekin.
6. Nellarekin maitemindu zinela ez duzu inoiz ezkutatu.
Nella ez zen taldera ongi egokitzen, eta pena ematen zidan. Duelurako hautatu zuten, eta bera laguntzea erabaki nuen. Abenturan jarraitu zuen, eta elkarrekin asko egoten ginenez, gauza batek bestera eraman, eta maitemindu nintzen. Ez genuela ezer esango aipatu genuen, baina horrenbesteko emozioarekin atera nintzen, eta saioan egin zizkidaten galderetan aitortu nuen. Gero, harremanak ez zuen aurrera egin.
7. Altsasuko CBASK saskibaloi taldeko kamisetak ustekabeko protagonismoa izan zuen zure dueluan.
Abenturara joan baino aste bat lehenago bazkari bat egin genuen, eta CBASK-en kamiseta horretan 100 pertsona baino gehiagok sinatu zuten. Dueluan janztea erabaki nuen. Sokari bakarrik eskuekin heldu beharko geniola pentsatzen nuen, baina besapean ere heldu behar genion. Gutxigatik galdu nuen; kamiseta azpian jertse bat jantziko banu... Ze pena!
8. Patagoniatik bueltan, saioa emititu arte isilik egon behar izan zenuen.
Oso zaila egin zitzaidan. Hitzontzia naiz eta jendeak asko galdetzen zidan. Beraz, naizen modukoa izanda nahiko ongi eraman nuen.
9. Zure saioan jendea liluratuta utzi zenuen.
Ez nuen pentsatzen horrenbesteko arrakasta izango nuenik. Nire izaera izango da. Patagonian une berezi asko bizi izan nituen, eta badirudi jendeari asko gustatu zitzaizkiola. Oraintxe bertan hirugarren faboritoa naiz, Azucenaren eta Huidoren atzetik, eta hori niretako ikaragarria da. Ea mantendu, eta ekainaren 26ko azken saioan publikoaren faboritoa aukeratzeko finalisten artean nagoen. 5.000 euroko saria lortuko du irabazleak, ea jendeak bozkatzen nauen (kar-kar).
10. Mundu bat zabaldu zaizu: ‘El Conquis’-eko debateak, ‘Atrapalo si puedes’ lehiaketa... ETB mutila zara.
Esan zidaten ETB-ra sartzen zarenean ez zaituztela askatzen (kar-kar). Uste dut Patxik gustuko nauela. ‘Atrapalo si puedes’ lehiaketako 18. saioa grabatu dut. Ez naiz oso ona, baina ongi pasatzen dugu. Ostiraletan lau programa grabatzen ditugu, goizean hiru, eta bazkalondoan laugarrena. Ildo honetan, Sakana Groupeko lankideak eta arduradunak eskertu behar ditut, txanda aldaketak egiteko beti prestu daudelako. Ikaragarri ongi portatu dira. Ez dakit zenbat bazkari zor dizkiedan... Lehiaketako grabazioak bukatu dira, ea irailetik aurrera berriro deitzen nauten.
11. Ekainaren 24an erabakiko da ‘El Conquis’, Ushuaiako azken proban. Nork lortuko du ikurriña?
Txubik irabaztea nahiko nuke. Sekulako ilusioa litzateke. ‘El Conquis’ sekulako esperientzia izan da. Abenturatik talde txiki bat sortu dugu Anek, Potxik, Iarak eta Xabik. Bakik taldea gara, eta laurok hilabetean bitan planak egiten ditugu. Gainontzekoekin ere harreman ona dut, eta zenbait plan ere egiten ditugu. Euskal Herria ezagutzen ari naiz. Ziurrenik Altsasura festetako larunbatean gonbidatuko ditut.