Hainbat kidek baja eman ondoren, eta zenbait afiliatu gelditzen badira ere, Ezker Batuak Altsasun zuen asanblada desegin egin da. Herrian egitura hori mantentzeko gutxieneko afiliatu kopuru bat behar da eta momentu honetan ez dago. Nafarroako Ezker Batuaren (NEB) zuzendaritza berritzerakoan bi hautagaitza aurkeztu ziren eta egun dagoenak irabazi zuen. Haren egiteko moldeekin ados ez egoteagatik NEBen baja ematea erabaki zuten Altsasuko kide batzuek. Beste batzuek, berriz, ados egon edo ez, militantziarekin segitzea erabaki dute, besteak beste, NEB beraien hautu politikoa delako. Horiek asanblada berregin nahi dute orain.
Baja eman dutenetako bat Arturo Carreño Parra izan da, Altsasuko Udalean bost legegintzalditan zinegotzia izandakoa eta 1999tik 2023ra arte Nafarroako Ezker Batuko (NEB) kide izandakoa. Carreñok azaldu duenez, “NEBeko zuzendaritza berriak kudeaketa txarra egin du. Iruñeko Kale Nagusiko 30. zenbakian zegoen egoitza ere saldu zuten”.
Egoeraren azterketa
Carreñok egungo egoeraren azterketa egin du. Haren iritziz, "Europako hauteskundeetan PSOEren ezkerreko eremuaren porrota erabatekoa izan da, eta Julio Anguita buru zuen EB hura ezerezean gelditu da". Carreñok gaineratu duenez, "Alberto Garzonen kargu uztea edo dimisioak EB ezegonkortu ahal izan du". Lortutako emaitzak, “inoizko okerrenak dira estatuan, erkidegoetan eta Europan. Azken horretan ordezkaritzarik gabe gelditu gara". Gogora ekarri ditu 1990ko eta 2000ko hamarkadetan EBk 22 diputatu izan zituen garaiak. Azaldu duenez, "Podemosek eta Sumarrek ere porrot bera sufritu dute. Aurreikus zitekeen, bien barne desberdintasunak eta Yolanda Diaz eta Jone Belarraren estrategiak ikusita". Altsasuarrak nabarmendu duenez, "ezkerraren batasun faltak afiliatuen eta boto emaileen esperantza eta ilusioa akabatzen ditu".