Diaz biktima gisa aitortu du gobernuak

Guaixe 2024ko eka. 25a, 11:06

Mikeldiren askatasuna eskatzeko egindako manifestazioa. ARTXIBOA

Atxilotu zutenean tratu txarrak, mehatxuak eta presioak salatu zituen.

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuak torturak pairatu dituzten bost pertsona biktima gisa aitortu dituzte. Horien artean Mikeldi Diaz Aldama dago. Ibon Fernandez Iradiri bere garaian atzemandako dokumentuetan oinarrituta hainbat atxiloketa egin ziren. Mikeldi 2005eko otsailaren 9an atxilotu zuten beste hamahiru pertsonarekin batera. Atxiloketa haiek guztiak Baltasar Garzon epaileak agindutako sarekada "prebentiboen" barruan kokatu ziren. Mikeldi atxilotu zutenetik 2007ko ilbeltzaren 24 arte preso egon ziren. 12.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen espetxetik ateratzeko. ETAri laguntza ematea egotzita Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten 2009ko ilbeltzaren erdialdean. Urte hartako garilean emandako epaian Diaz absolbitu egin zuten. Gainera, epaileek sinetsi egin zuten Diazek polizien aurrean egindako autoinkulpazioa asmatu egin zuela. 

Nafarroako Gobernuak eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzek eragindako hemeretzi biktima aitortu ditu oraingoan. Foru administrazioak beste dozena bat biktima aitortu zituen apirilean. Dagoeneko 31 dira. Aurreneko hartan Mikel Arregi Marin lakuntzarra eta Josu Imaz Prim altsasuarra izan ziren biktima gisa aitortuak. 

Bidea
Foru administrazioaren legearen arabera, torturatua izan edo giza eskubideen urraketak pairatu duen edozeinek aurkeztu dezake biktima izendatzeko eskaera. Horretarako, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira jo daiteke zuzenean. Bestela, Nafarroako Torturatuen Sarearen eta Egiari Zor fundazioaren bidez egin daiteke eskaera. Eskaera aurkeztu ahal izateko, lehenik dokumentazioa behar da. Esaterako, norberak emandako lekukotza. Eskaera erregistratu ondoren, gobernuak erabakiko du onartzen duen edo ez. Onartua bada, Aitortza Batzordearen aurrean testigantza eman behar da, eta galderak erantzun. Batzordeak baloratuko du eta biktima aitortza ematen zaion eskatzaileari.