Ekainaren 21ean, ostiralarekin, hasi zen XXXIV. Gipuzkoako Junior Itzulia eta ekainaren 24arekin, astelehena, despedituko da. Iker Gomez Lopez de Goikoetxea (Quesos Albeniz) lan bikaina egiten ari da, podiumetik podiumera. Idiazabalen jokatutako lehen etapan, 2,1 km-ko erlojupekoa, hirugarren sailkatu zen altsasuarra, Hector Martinez (Lucta-Granja Rinya) irabazletik (2:52) 4.54 segundora. Mendaron jokatutako bigarren etapan (92 km) bigarren sailkatu zen, Hector Alvarez liderrarekin esprint estua jokatuta (2:08:45), eta ekainaren 23an Andoainen jokatutako hirugarren etapa luzean (102 km) atzera ere bigarren izan zen Iker Gomez, Kepa Ormazabal (Ampo) irabazletik (2:36:11) 5 segundora, liderraren talde berberean.
Gauzak horrela, Hector Alvarezek eusten dio lidergoari (4:47:53), 5 segundora Iker Gomez duela. Bi txirrindulariek Gipuzkoako Itzulia irabazteko lehia bizia dute eta ekainaren 24an, astelehenarekin erabakiko da guztia, Legazpiko etapan (74,5 km). Lidergoa jokoan izateaz gain, Iker Gomez mendiko txapelketako buru da (19 puntu) bigarren Kepa Ormazabal (Ampo) duela (10 puntu). Bestalde, Eñaut Oiarbide (Quesos Albeniz) sailkapen orokorreko 50. postuan dago, 10:22ra. Ea nork janzten duen txapela preziatua.