Pantailez betetako gizarte batean, ia 800 lagunek bere denboraren tarte bat hartu dute euskaraz sortzeko. Hala esan zuten Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak urtero antolatzen duen Maria Markotegi eta Nanoipuin literatur lehiaketen sari banaketan. Aurten, guztira, 743 lan aurkeztu dira haur eta gazteen sariketan eta 68 lan euskara ikasten eta Mintzakiden parte hartzen dutenen Nanoipuin lehiaketan. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 14an egin zuten, Altsasuko Iortia kutur gunean.
Maria Markotegi
Maria Markotegi lehiaketa Sakanako ikasleei zuzendutako literatur sariketa da, eta euskarazko sormena sustatzeko helburua du. Lau sail ditu: booktubea, narrazioa, poesia eta komikia, eta lau mailatan banatzen da: LH hirugarren eta laugarren mailak, LHko bosgarren eta seigarren mailak, DBHko lehenengo eta bigarren mailak eta DBHko hirugarren eta laugarren mailak. Booktubeen kasuan DBH lehenengo mailatik gorako gazteek parte har dezakete bakarrik, bideoak YouTuben agertu ahal izateko gutxieneko adina izan behar dutelako.
Sakanako ikastetxeek parte hartu dute: Altsasu BHI, Andra Mari ikastola, Arbizuko herri eskola, Arrano Beltza ikastetxe publikoa, Atakondoa ikastetxe publikoa, Domingo Bados ikastetxe pubikoa, Iñigo Aritza ikastola, Jesusen Bihotza ikastetxea, Lakuntzako Herri Eskola, San Donato ikastetxe publikoa, San Migel ikastetxe publikoa, Urdiaingo Herri Eskola eta Zelandi ikastetxe publikoa.
2024ko edizioan 405 narrazio aurkeztu dira, 66 lan poesia sailean, 48 booktube eta 224 komiki. Emaipaimahaia Toñi Lopez eta Izaskun Etxeberria literaturan, Joxemari Morcillo eta Olatz Aldasoro komikian eta Katrin Ginea eta Aitor Karasatorre booktubean izan dira. Sariak mailaren araberakoak dira: Sakanako liburu dendetan erabiltzeko 50 eurotik 110 eurora bitarteko txartela. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak 2.730 euro banatu ditu lan onenak saritzeko; guztira, 33 lan. Parte hartzaile guztiek oparitxoa jaso dute.
Nanoipuinak
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ere euskaltegietako ikasleei eta Mintzakideei zuzendutako Nanoipuin lehiaketa antolatzen du. Hiru maila ditu: A1 eta A2 mailetako ikasleak; B1 mailako ikasleek bigarren mailan parte har dezkete, eta hirugarren maila B2 eta C1 mailetako ikasleendako da. Mintzakideko parte hartzaileek duten ezagutzaren pareko mailan parte hartzen dute. Guztira, 68 lan aurkeztu dituzte: lehenengo mailan 24; bigarren mailan 17, eta hirugarrenean 27. Epaimahaikideak Monika Etxeberria eta Garbiñe Petriati izan dira, eta sariak Sakanako liburu dendetan erabili ahal izateko 150 euroko txartelak izan dira. Lau lan saritu dituzte.