Astekaria

Plazan dantzatzeko

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko eka. 25a, 12:43

Altsasuko jauzi taldeko kideak entsegu batean. UTZITAKOA

Duela pare bat urte Altsasuko hogei bat pertsona jauziak ikasteko biltzen hasi ziren. Helburua "noizbait" plazan dantzatzea zen, eta helburua bete dute: urtean zehar zenbait emanaldi eman dituzte, eta ekainaren 21ean ere plazara atera ziren. Talde irekia da

"Aspaldian" Malusa Barandiaran altsasuarra Iruñean euskal dantza eta jauziak ikasten zebilen. Beste alde batetik, Bilbon bizi den Tere altsasuarra ere dantza ikastaroetan ari zen, baita Bea haien laguna ere. "Oso gustura nengoen, oso ondo pasatzen nuen, eta beti pentsatzen nuen: toki guztietan egiten dituzte jauziak eta justu Altsasun, nik dantzan plaza horretan gazte nintzela gramolarekin eta Enrike Zelaiaren doinuekin ikasi dudala, ez da dantzatzen". "Amorrua" ematen zion Barandiarani toki guztietan plaza dantzak eta jauziak egitea eta "hemen ez". Horri bueltak ematen ari zirela, duela bi urteko San Pedro egunean norbaitek galdetu zien ea ez ziren animatuko dakitena erakustera. "Hori da beti egin izan duguna plazan, batzuk besteekin ikasten". "Zergatik ez? Saia gaitezke". 2022ko San Pedro egunean, beraz, "ni jubilatu ondoren" jauzi taldea sortzea erabaki zuten: "Urrian elkartzen hasi ginen, presiorik gabe. Ondo pasatzea, dantza egitea eta ikasten badugu eta aukera badugu noizbait plazan dantza egiteko helburuarekin".

Hogei bat pertsona hasi ziren duela pare bat urte jauziak ikasten. Aurretik taldeko zenbait kide dantza taldetan aritutakoak dira, baina gehienak ez. "Inolako pretentsiorik gabe hasi ginen". Gizonezko batzuk elkartu direla ere aipatu du Barandiaranek, "gutxi, baina badaude batzuk". Ostiraletan elkartzen hasi ziren, eta tokia lortzea kostatu bazitzaien ere, Musika Eskolan txoko bat eman zitzaien. Ondoren, Zelandiko kiroldegira joan ziren.

Jauziak
"Gu gara irakasleak. Gure artean moldatzen gara". Ikasturte honetan Aintzane Marin Altsasu institutuan lan egiten duen unanuarra joan da taldera, "ikustera". Iruñeko Oberena dantza taldean dago " eta irakasle bezala egon behar zela pentsatu genuen". Haien artean ikastearena eta irakasle desberdinak egotearena Barandiarani gustatzen zaio: "Iruñean bi talderekin ibiltzen naiz, bi irakaslerekin. Emakumea bata da eta gauza batzuk esaten dizkigu eta bestea Duguna taldeko mutiko bat da, txupinazoa botako duen taldekoa, eta beste gauza batzuk esaten ditu. Esaterako, batek A esaten du eta besteak A prima. Baina beti ikasten duzu". 

Jauziak ikastea "erraza eta polita" dela esan du Barandiranek. "Adin bat dugu eta ez dugu programazio batekin egiten eta abar. Nahi dugulako egiten dugu, gustura gaudelako eta dantza egin nahi dugulako". Jauziekin gertatzen dena, azaldu du Barandiaranek, pausoak ikasten dituzula da: "Badaude pausoak eta horiekin egiten dira dantza desberdinak; ez dugu zertan koreografiak ikasi behar". Pauso horiek musikaren batera esaten dira: erdizka, erdizka lauetan, dobla, luze... "Horrekin ere kontzentrazioa lantzen duzu momentu horretan esaten dutenari erne egon behar zarelako". Egunerokotasunaren gauzak alde batera uzten dituztela esan du ere, "erlaxatzen zaitu". Jauziak ez ezik, Axuri Beltza, Jota, Porrusalda eta bestela plaza dantzak ere ikasten ari dira. "Nik uste horiek ere dantzatu behar ditugula; beti dantzatu ditugu hemen. Hortik gatoz eta horren jarraipena gara". Hala ere, aitortu duenez, Barandiarani gehien gustatzen zaiona jauziak dira, baita jota eta porrusalda ere. 

Dantza taldeak ere jende berriak ezagutzeko aukera eman die: "Hori oso polita da. Toki guztietan bezala hemen kuadrillaka edo auzoka elkartzen gara, eta honekin ezagutzen ez zenuen jendea ezagutzen duzu, jende desberdina". Amankomunean dantza egiten dutela eta "oso gustura" daudela diote. Gaur egun 30 bat pertsona biltzen dira bi taldetan. 

Helburua plazan "noizbait" dantzatzea zen, eta helburua bete dute. Esaterako, ekainaren 21ean Foru plazara atera ziren. "Esan genuen ikasturte bukaeran zerbait egitearena eta Gurutzek aipatu zuen udako solstizioa ere ospatzeko, plazara ateratzea". Aurretik zenbait emanaldi egin dituzte ere, "Etorkizuna dantza taldekoekin elkartu izan gara, gazteekin; esan ziguten plaza dantzak egin nahi zituztela, eta martxoan atera ginen. Oso gustura". Bestetik, maiatzaren 3an Altsasuko lehenengo errepikan ere jauziak eta herriko jota eta porrusalda dantzatu zuten. Ekainaren 28an, Lizarragabengoako festetan, eta ekainaren 30ean, Irurtzunen, Haize Txikiak Bandarekin batera Sakanako lehenengo jauzilarien topaketa eginen dute ere. 

Fanfarrearekin atera izan dira, baina "zailagoa" dela aipatu dute. "Norbaitek pausoak kantatu behar ditu, eta hori oraindik ez dakigu egiten". Hala ere, Axuri beltza, Zazpi jauzi eta horrelako dantzak egiteko fanfarrearekin eginen dituzte gaur. Bestela, musika jartzeko "tramankulu" batekin joaten dira, "eta hori ere gustatzen zait. Oso herrikoia gelditzen da; xumea, arrunta, gu garena". Jauziak dantzatzeko jakin behar dela esan du Barandiaranek, baina edonor atera daiteke dantzatzera. "Hori da beti egin dena, zortzikoarekin eta abar horrela egin da beti, dantzatzera atera eta ikasten joan". 

"Nik uste garrantzitsuena irekia dela da". Kaleko arroparekin joaten dira, "horrek desberdintzen gaitu". Zapi bat janztearena planteatu zuten, "baina lagun batek esan zidan hori ere uniforme bat dela. Ez uniformerik ez zapirik ez ezer". Plazan dantzatzea, besterik ez. "Asmoa ongi pasatzea eta gustura egotea da". Momentuz datorren ikasturtean jarraitzeko asmoa dute.