Txirrindulariak

Iker Gomezek ezin izan zuen Hector Alvarezen harresia gainditu

Guaixe 2024ko eka. 25a, 10:00

Iker Gomez, azken etapako garailea, alboan Hector Alvarez liderra eta Lohann Vulliez hirugarrena dituela. UTZITAKOA

Gipuzkoako Itzuliko azken etapa irabazi zuen txirrindulari altsasuarrak, eta mendiko sailkapena, baina sailkapen orokorrean bigarren bukatu zuen

Ekainaren 24an despeditu zen Gipuzkoako Junior Itzulia, Legazpin jokatutako 74,5 km-ko etapa gorabeheratsuarekin. Hector Alvarez (Lucta-Granja Rinya) liderrarengatik 5 segundora zegoen kokatuta Iker Gomez Lopez de Goikoetxea (Quesos Albeniz), eta alde hori gainditzen saiatu zen behin eta berriz, baina ezin. Hector Alvarezek ongi eutsi zion. Gipuzkoako Junior Itzulia jokoan zuten bi txirrindulariak elkarrekin batera iritsi ziren helmugara, Atagoiti baino lehen altsasuarrak jotako erasoari liderrak erantzun eta gero, eta esprintean Iker Gomezek lortu zuen Legazpiko helmugan gailentzea, Alvarezen aurretik (1:45:35). 10 segundora, eta tantaka tantaka, gainontzeko txirrindulariak sartu ziren. Ekaitz Perez 31. iritsi zen helmugara, Mikel Viloria 72., Iker Begiristain 73. eta Eñaut Oiarbide 81.

Sailkapen orokorrean, beraz, Hector Alvarez izan zen Gipuzkoako Itzuliko txapelduna (6:33:28), 5 segundora Iker Gomez, eta 1:07ra Lohann Vulliez (Team Iparralde) zituela. Iker Gomezek mendiko txapelketa irabazi zuen, lan bikaina egin ondoren. Sailkapen orokorrean bere taldekide Eñaut Oiarbide 49. sailkatu zen, 19:20ra.