Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 25 urteurrena izanen da aurten. Uztailaren 19tik abuztuaren 4ra ospatuko da, eta musika, dantza, zirku eta antzerki diziplinetako 27 emanaldi egonen dira. Erriberrin ez ezik, Tafallan, Beiren, San Martin Unxen eta, lehenengo aldiz, Pitillasen ere izanen dira jaialdiko egoitzak. Ikuskizunen emanaldiak ez ezik, jaialdiaren barruan bi sormen egoitza, lau formakuntza tailer eta artista eta kazetarien arteko bi topaketa ere egonen dira, eta urteurrenaren harira gala bat, hiru mahai inguru eta hiru erakusketa ere izanen dira. Jaialdian emanen diren antzezlanen artean Eva Azpilikueta Martinez altsasuarraren 104. haurra dago, Yarleku konpainiarekin. Bestetik, presentzia sakandarra La Banda teatro circoren konpainiaren Yugen ikuskizunarekin izanen da ere; Jorge Cordon Iortx irurtzundarrak ikuskizunaren musika sortu du.
Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak jaialdiaren aurkezpenean esan zuen urteurrenaren ospakizunak festibalaren "barnean" lan egiten dutenei eta Erriberriko herritarrei omenaldia izanen dela, "urtero jaialdia hartzeagatik eta zaintzeagatik". Jaialdiaren historian emakumezkoek izan duten presentzia ere goraipatu zuen kontseilariak. Aurkezpenean Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya jaialdiko arte zuzendariak, Lorenzo Garcia Echegoyen eta parte hartuko duten konpainietako kideak egon ziren, tartean Eva Azpilikueta.
Aktore altsasuarrak Erriberriko jaialdiaren 25. urteurrenean parte hartuko du 104. haurra antzezlanarekin. Tafallako Kuturgunean izanen da, uztailaren 26an, ostirala, 20:00etan. Sarrerak dagoeneko salgai daude. Jokin Oregik idatzi eta zuzentzen du 104. haurra familiarteko pieza. Umezurztegi batean adoptatua izateko irrikan dagoen neskato bat da protagonista. Egoera berean dauden beste neska batzuek bezala, jantziak egiten eta josten ematen ditu egunak.
Bestetik, Jorge Cordon Iortx irurtzundarrak La Banda teatro circo konpainiarendako sortutako musika entzun ahal izango da Yugen ikuskizunean, uztailaren 25ean, osteguna, 22:00etan, Erriberriko Teobaldos plazan.