Astekaria

"Gorputza eta mugimendua mugara eraman nahi nituen"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko uzt. 2a, 13:12

Saioa Iraizoz Erviti dantzari altsasuarra. UTZITAKOA

Dantzertin goi mailako dantza ikasketak egin ondoren, Saioa Iraizoz Erviti dantzari altsasuarrak La Faktoria zentro koreografikoan profesionalki formatzen jarraitu du.

Dantzaren mundua "oso zaila" dela esan du Saioa Iraizoz Erviti dantzari altsasuarrak. Bilboko Dantzerti arte dramatiko eta dantza goi mailako eskolan dantza ikasketak amaitu ondoren, La Faktorian egon da ikasturte honetan dantzari profesional bezala trebatzen. Laida Aldaz etxarriarrak zuzentzen duen zentro koreografikoan egon den lehenengo sakandarra da Iraizoz. Ekainaren 16an ikasturte amaierako Crunch Time deitutako ikuskizuna egin zuen Baluarten, La Intrusako bi koreografoek landutako pieza. "Dantzari moduan asko gozatu nuen, eta publikoak oso ondo jaso zuen lana, feed backa oso positiboak izan dira". 

Dantza ikasketak egin zenituen, zer moduzko esperientzia izan zen?

"Ikasketen esperientzia ona izan zen; baita intentsoa eta gogorra ere"

Dantzertin lau urte pasa nituen Koreografia eta Interpretazioa deitutako gradua egiten. Lau urte horietan zehar irakasgai asko landu genituen, baina batzuk urtero errepikatzen ziren, esaterako, balleta eta garaikidea. Praktika aldetik horiek ziren, eta teorian historia ia lau urtetan zehar emandako irakasgai garrantzitsuenetarikoa izan zen. Esperientzia ona izan zen, baina egia da akademikoki oinarritutako formakuntza bat denez, azterketak eta lanak egin behar genituen, eta ez zen praktikara bakarrik bideratutako zerbait. Orduan, lau urte oso intentso eta gogorrak izan ziren. Ordu asko pasatzen genituen unibertsitatean eta amaieran, karrera guztietan bezala, GrALa aurkeztu behar genuen. GrAL performatiboa egin nuenez, lan teorikoaz aparte, bakarkako bat aurkeztu nuen. Horretan ibili nintzen azkeneko kurtsoan.

 

Zeri buruzkoa izan zen zure GrALa?
Natura eta dantza arteko nahasketa bat izatea erabaki nuen. Dantzari izateaz gain mendira joatea gustatzen zait, orduan, planteatu nuen mendiak eskaintzen edo sorrarazten didan horrek nola pasa estudio batera; nola zerbait irekiak edo naturak sorrarazten didan sentimendu, emozio, gorpuzkera hori gela batera, itxia, dantzariek lan egiten dugun toki horretan sartu. Naturako elementuak ikertzen eta begiratzen egon nintzen, zuhaitzak, hostoak, haizeak eta abar, eta sortzen didaten gorpuzkera edo mugimendua aztertu nuen.

"Natura eta estudioa nahastuz Saioa hori nola sortzen den ezagutu nahi nuen"

Gero estudioan jartzen nintzenean mugimendu horiek sortzen nituen, eta sortu nuen pautatutako inprobisaketarako egitura bat. Horrela iritsi nintzen ondorio batzuetara: natura eta estudioa, natura eta artifiziala, biak nahastuz nola sortzen den Saioa dantzari hori. Lan performatiboa Sopelan aurkeztu genuen eta oso pozik gelditu nintzen. Dantzari eta sortzaile izan nintzen argiteria ere sortu behar izan nuelako. Ni ez naiz horretan oso aditua, baina moldatu nintzen. Dantza, mugimendua, musika eta argien munduan sartu nintzen. Ikuskizun guztia egin nuen nire tutorearen laguntzarekin.

Nolakoa zen egun bat Dantzertin?
Normalean goizean klase praktikoak ziren, balleta eta garaikidea tartekatzen ziren astean zehar, eta praktikaren ondoren teoria zetorren. Irakasgaiaren arabera ordu gehiago edo gutxiago ziren astean. Normalean praktikoa eta teorikoa izaten zen, eta gero praktikaren jarraitu; inprobisaketa, sorkuntza, errepertorio klasikoa edo garaikidea, tailer koreografikoa... Ostiraletan gehienetan praktikoa izaten zen, mugimenduari bideratuta. Lehenengo mailan izan ezik, hautazkoak genituen ere.  

Ikasketak amaituta La Faktorian hasi zinen. Zergatik?
Hasieratik nahi nuen dantzaren munduan dantzari moduan murgildu. Baina Dantzertiko graduaren aukera atera zenean, titulua lortzeko hori egitea erabaki nuen, baina amaitzean konturatu nintzen teoria zeukanez, dantzari moduan aberastu nintzela, baina teoriak nolabait amets horri pisua kentzen ziola. Orduan, karrera amaitzerakoan erabaki nuen La Faktoriako probak egitea. Banekien La Faktorian zela entrenamendua, jo eta ke gorputzarekin lanean ez dakit zenbat ordu eta nik nahi nuen nire gorputza muga hori jarri eta dantza edo mugimendua hainbeste lantzea zer den ikustea; egunero ordu pila bat entrenatzen eta dantzatzen zer den jakin nahi nuen. Dantzari baten bizitza edo pertsona baten bizitzan dantzak hainbeste pisu hartzea zer zen deskubritu nahi nuen. Gainera, etxetik gertu dago, Iruñean, eta uste dut oso aukera ona dela Nafarroako neska batentzat hemen gertuko formakuntza bat egitea.

Zer da La Faktoria? Nola azalduko zenuke? 
La Faktoriak bi programa ditu. Bat sorkuntza arlora bideratzen da eta bestea entrenamendura. Nire kasuan entrenamendurako bideratutako programan aritu naiz. Normalean 09:00etan gutxi gorabehera hasten ginen eta egunaren hasieran balleta edo yoga egiten genuen. Hori beti oso zorrotz mantentzen zen; oinarri moduko bat da. Ondoren, egunean tokatzen zaigun irakasle horrek eskaintzen diguna egiten genuen. Egun osoa, zazpi orduz, gorputza entrenatzen pasatzen dugu. Gorputzaz gain burua ere asko indartzen dugu; kontzentratuta egon behar gara, bestela milaka gauza galtzen ditugu. Psikologikoki eta fisikoki oso exigentea da programa hau.

"Bi astero irakasle berri bat izan dugu; bakoitzak dakien guztia eskainzen zigun"

Bi astero irakasle berri bat daukagu eta horrek esan nahi du txipa oso azkar aldatu behar dugula. Irakasle bakoitzarekin oso denbora gutxi gaude. Irakasle horrek irakatsi edo gurekin landu nahi duen hori ematen du, eta ikasturte amaieran pieza bat landu genuen eta kasu horretan bai bost asatez koreografo berdinekin egon ginen. Bestela, bi kurtsotan zehar bi astero irakasle bat izan dugu. Bi aste horiek oso intentsoak dira, eta ematen dute ematen dutenerako. Bestetik, inprobisaketa eta abar ere landu izan dugu. Joseba Yerro dantzari altsasuarra etorri zen, esaterako. 

Aberasgarri bezain zaila izango da, ezta?  
Irakasle bakoitzak bizitzan zehar bere prozesua eduki du, eta iristen dira puntu batera argi daukaten haien mugimendua edo dantza ulertzeko modua. Orduan, zu bi aste horietan saiatu behar zara berak dantza mugimendu garaikide arloa nola ulertzen duen ikasten; azkenean haiek hori erakusten dizute, haien teknikak eta mugimendua nola lantzen duten. Bi aste horiek amaitzean, astelehenean, beste irakasle bat dator eta agian aurrekoaren guztiz kontrakoa esaten dizu. Orduan, burua aldatzen oso abila izan behar duzu eta esan behar duzu: ongi, agian aurreko bi asteak ikaragarri gustatu zaizkit eta orain kostatzen ari zait. Baina beti aukera eman behar diozu etortzen den irakasle horri oso irekiak izaten direlako; dakiten guztia emateko prest joaten dira, orduan zu ere irekia egon behar zara.  Bestela, gelditzen bazara aurreko bi astetan egindakoarekin, gustatu zaizunarekin, ez duzu aurrera egiten. Ulertu behar da dantzaren arloan dauden diziplina eta teknika guztiak ez zaizkigula gustatzen, dantza ikasteagatik ez du esan nahi denak gustatzen zaizkidanik. Baina, bai, oso interesgarria da asko ikasten duzulako. Aldi berean, gogorra da txipa oso azkar aldatu behar delako eta mentalki hor egon behar zarelako bi aste horiek gogoz hartzeko eta aurrera jarraitzeko. Oso gorabeheratsua da.

Dantza garaikide asko daude, beraz.
Hori da. Dantza garaikidearen munduan teknika desberdin asko daude eta mugimendua ulertzeko modu kontaezinak daude. Aurten konturatu naiz nire ustez dantza garaikidea zena utopikoa zela. Azkenean, ezin da definitu. Gauza asko mugitzen dira horren barruan. Ez dakit zenbat irakasle etorri diren La Faktoriara, eta bakoitzak gauza desberdin bat eskaini digu. Gorputza modu batera mugi daitekeela uste duzu eta etortzen da beste pertsona bat eta esaten dizu beste modu batzuk ere badaudela. Milaka teknika eta diziplina daude. 

Zuen estiloa garatzeko aukera duzue? 
Ez dakit estiloa, baina niri gertatu zait irakasle batekin zauden bi aste horietan amaitzen duzula dantzatzen berak eskaintzen duen pauten arabera, orduan, dantzatzen duzu milaka modu desberdinetara; baina aldi berean denak batera. Orduan, estiloa ez dakit garatzen den, baina bai gorputzak informazio hori gordetzen duela eta baliabide horiek inprobisatzeko orduan ateratzen ditu. Nik sentitzen dut izugarri aldatu naizela ikasturte hasieratik amaierara. Gorputza hainbeste landu dudanez hainbeste modu desberdinetan, orain ditudan baliabideak askoz anitzagoak direla. Ez nuke esango estiloa ikertu dudanik, baizik eta mugitzeko modu desberdin asko.

Dantza irakasle ere bazara.
Duela zenbait urte Irantzu Gonzalez Dantza Eskolan hasi nintzen irakasle, Bilbon ikasten nengoenean izan ezik, baina aurten etxean egon naizenez gehiago egon naiz eskolan ere. Egia esan, irakasle izatea asko gustatzen zait. Pedagogia eta dozentzia asko disfrutatzen ditut, eta nire etorkizunerako B plana izan daiteke, dantzari izatearen amets hori ez bada betetzen. 

Etorkizuna aipatu duzu. Nola ikusten duzu?

"Momentuz profesional bezala formatzen jarraituko dut; hasiberria naiz"

Zalantzak agertzen dira; zalantza asko. Dantzaren mundua osooso zaila da. Ez dakit zaila, baina konturatu naiz lan eskaintzak oso murritzak direla eta dantzari pila bat garela. Arazo bat dago hor. Datorren ikasturtean La Faktorian egongo naiz. Erabaki hori hartu dut urte honetan dantza konpainietara aurkeztu naizelako, baina ez duelako aurrera egin. Beraz, erabaki dut profesional moduan beste urte bat formatzea. Dantzari profesionalaren esperientzia hasi berri dut; karrera egin nuen, baina ibilbide profesionala aurten hasi dut. Ez dut amore eman nahi hasiberria naizelako. Beraz, La Faktorian geldituko naiz. Irakasle berriak etorriko dira eta aberasgarria izango da, eta dagoeneko egon direnekin oinarria izango dut. Onuragarria izango da. Bitartean dantza konpainiak ikusi eta audizioak egingo ditut. Klaseak ematen jarraituko dut ere. Galdera asko izan ditut buruan: zenbat aportatzen dit dantzak? Noiz arte borroka bat den dantzaren borroka honetan. Etorkizun on baterako irakasle moduan lan egitea aukera oso ona dela iruditzen zait. Baina momentuz dantzari bezala ikasten eta mugimendua ikertzen jarraituko dut, audizioak egiten ditudan bitartean.