Nahia Imaz Perez altsasuarra (Team Zatika Bike) ekainaren 20tik 23ra Madrilen jokatutako amateurren eta profesional mailako Espainiako Txirrindularitza Txapelketetan parte hartu zuen emakume sakandar bakarra izan zen. Sari potoloena lortu zuen, erlojupekoan brontzezko domina ekarri baitzuen.
Joan zen urtean Sopela Women´s Team taldeko txirrindularia zinen, baina taldea desagertu, eta talde berria lortu behar izan zenuen aurtengo denboraldirako. Zaila izan al zen?
Guk ez genekien taldea desagertu behar zela, eta erabakiak sorpresaz harrapatu gintuen. Urte hasiera arte ez nekien zein taldetan egongo nintzen, eta talde nahiko desagertu zirenez, neska asko talde bila geunden. Zorionez, azkenean taldea aurkitu nuen, eta pozik nago, baita ditudan taldekideekin ere.
Talderik gabe zeundela, gaizki pasako zenuen.
Motibazio berdinarekin jarraitu nuen entrenatzen, baina egia da ez zela egoerarik onena.
Team Zatika Bike da zure talde berria. Bertan tokia egitea erraza izan zen?
Betiko erritmoa jarraitu nuenez, egokitzapena ona izan da, nire ustez. Balorazio ona ematen diot.
Bigarren urtea duzu amateur mailan. Zer moduz joan da denboraldia?
Aurre denboraldi ona egin nuen. Denboraldia ongi hasteko asmoa nuen, eta bete dudalakoan nago. Gutxika erregulartasuna bilatu dut, eta ia lasterketa guztietan neure burua aurrean ikusi dut.
Nafarroako errepideko txapelduna zaitugu, berriki Lizarran jokatutako lasterketan lehen nafarra izan eta gero, baina Nafarroako Erlojupeko Txapelketan ez zinen aritu.
Asteburu horretan Espainiako selekzioarekin Andaluziako Itzulian parte hartu nuen. Justu ekainaren 1ean bueltatu nintzen, eta Nafarroako Erlojupekoa ekainaren 2an zen. Azterketak ere tartean nituen, eta lehentasuna azterketei ematea, eta Nafarroako Erlojupekoan parte ez hartzea erabaki nuen.
Zer moduz zabiltza ikasketak eta txirrindularitza uztartzen?
Donostian gradu bikoitza ikasten ari naiz, Fisioterapia eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak. Guztia aurrera ateratzea ez da erraza, asko ikasi behar dudalako, baina gutxinaka, nik uste aterako dudala. Ikasturtean zehar Donostian bizi naiz, eta bertako errepideetan entrenatzen dut. Sakanan txirrindulariok zorte handia dugu entrenatzeko orduan, gure errepideak nahiko lasaiak direlako, baina Donostian auto eta trafiko asko dago, eta kontu handiz ibili behar da.
"Erlojupekoak gustuko ditut. Ongi erregulatu nuen, eta brontzearekin pozik nago"
Madrilen jokatutako 33,4 kilometroko erlojupeko luzean Mireia Benito (AG Insurance-Soudal) gailendu zen, eta zu hamargarren sailkatu zinen (48:20), Espainiako brontzezko domina.
Erlojupekoak asko gustatzen zaizkit eta azken hiru urtetan Espainiako Txapelketetan beti podiumean egon naiz. Nire helburua berriz ere podiumean egotea zen, eta lortu dut. Egin dudan kronorik luzeena izan zen Galapagarrekoa; ondo erregulatu beharra zegoen, baina helburua bete genuen eta pozik nago.
Zergatik zen erlojupekoa horren luzea?
Joan zen urteko erlojupekoa 31 km-koa zen, eta aurten 2 km luzeagoa zen. Urtetik urtera distantzia luzeagoak jarri dituzte, eta hurrengoak kopuru hauetan geratuko direla dut. Probari ikusgarritasun gehiago emateko egiten dute. Dena den, erlojuaren kontra ona den txirrindulari bati kilometro gehiago egitea komeni zaio. Espezialistendako, erlojupeko luzeagoak hobeak direla uste dut.
Egindako lanarekin kontentu zaude?
Bai. Egin behar nuen kronoa egin nuen, eta pozik nago lortutakoarekin. Horretaz gain, txapelketetako errepideko proban ere lehiatu nintzen San Lorenzo del Escorialen (110,3 km), eta 28. sailkatu nintzen.
Nola jarraituko du zure egutegiak? Brontzeak eragina izango du datozen lasterketei begira?
Asteburuan Katalunian hiru eguneko lasterketa dugu, eta uztaila erdian Espainiako koparen bat jokatuko dugu. Bestelako probak ere etorriko dira. Hemendik aurrera asmoa entrenatzen jarraitzea da, lasterketetan ongi ibili eta datorrenari aurre egiteko.
Aurtengoa urte berezia da, Olinpiar Jokoen urtea. Europako Txapelketak ere etorriko dira. Espainiako selekzioarekin aritu zarenez, selekzioarekin bestelako lasterketetan ariko zara, edo azken unera arte ez duzu jakingo?
Momentuz ez dakit ezer. Erabakiak hartzen dituztenean eta zerbait jakiten dugunean, prestatzen hasiko naiz, hala badagokit.
Espainiako Txapelketetan lehiatu ziren gainontzeko sakandarrekin topo egin zenuen?
Ez nituen ikusi. Lasterketak ordutegi ezberdinetan direnez, zaila da bat egitea.
Amateurren mailan bost sakandar lehiatzea datu garrantzitsua da.
Bai. Horrek hemen txirrindulari onak daudela erakusten du, eta positiboa da.