Dantzalekuko igerileku ertaineko lanak emateko deialdia egin du udalak

Guaixe 2024ko uzt. 2a, 11:19

Dantzalekuko igerileku ertaina. UDALA

Obra horretan interesa duen enpresak garilaren 10eko 23:59era arte aurkez dezake bere proposamena. 

Dantzalekuko igerileku sasoia despeditu ondoren langileak lanean hastea, hori da Altsasuko Udalaren asmoa. Igerileku handia eta txikia konpondu zituen udalak 2020an eta 2021ean. Aurten ertainaren txanda izanen da. Lanak emateko deialdia egin du udalak. Obrak 49.274,68 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Kontratua bere egiten duen enpresak lanak hiru hilabetetan despeditu beharko ditu. 

Egin beharrekoak dira, batetik, igerilekuak duen zeramikazko estalduraren gainean PVC armatuzko estaldura berria jartzea. Horrela, iragazketa arazoak konpondu nahi ditu udalak. Izan ere, ur ihesek beharrezkoa egiten dute etengabe ura ematea. Bestetik, igerileku handiaren eta txikiaren instalazioaren konpentsazio hodiak ere konponduko dituzte. Konpentsazio ontzi horiek hormigoi armatuz eginak daude eta ura pasatzen uzten dute, barrutik kanpora eta alderantziz. Urak kanpora ihes egitearen ondorioz, igerilekuei ura etengabe eman behar zaie. Konpentsazio ontzietara ura sartzearen ondorioz, berriz, lohiak sartzen dira eta ponpak trabatzen dituzte.