Altsasuko Iortia Kultur Guneko areto nagusiak hartu zuen Arg(h)itzen dokumentalaren mustutzea. Haren aurretik, egileen izenean Manu gomez Genuak hitza hartu eta eskerrak eman zizkien dokumentala posible egin zuten guztiei. Esan zuenez, "tortura kontatzea ekimen konprometitu eta ausarta da. Lehenengo pausoa torturarekin behingoz eta betirako bukatzeko. Tortura garaitzeko". Gomezek dokumentala "tortura pairatu duten guztiei eskaini nahi diegu. Sakanan 149 baino gehiago izan dira".
Egile taldeko kideak nabarmendu zuen ikus-entzunezkoa "auzolan erraldoi baten emaitza” dela, “Sakanatik Euskal Herrira, eta Euskal Herritik Mundura zabaldu nahi duguna, torturaren egia itzaletik argitara ateratzeko helburuarekin. Inork, inoiz, inon tortura berriz pairatu ez dezan helburuarekin egin dugu", azpimarratu zuen. Dokumentalaren lehen harria jarri zuen Fran Balda gogoan izan zuen.
Ainara Gorostiaga Eskubik Nafarroako Torturatuen Sarearen izenean eskerrak eman zizkien dokumentala posible egin duten guztiei. "Torturaren aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen bidean, lehen pauso garrantzitsua da tortura kontatzea. Egin beharreko ekarpena da bide horretan dokumentala", esan zuen. Gorostiagak aurkezpena baliatu zuen deialdia egiteko: "arrazoi politikoengatik eskubideen urraketa pairatu duten pertsona guztiei, funtzionario publikoengatik edota ultra eskuineko talde antolatuengandik eskubideen urraketa pairatu duten guztiei, aurkeztu daitezela 16/2019 Nafarroako Foru Legeak ireki duen prozedurara". Esan zuenez, "lege hau ez da guri gehien gustatuko litzaigukeena, baina uste dugu aukera batzuk ireki ditzakeela aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen norabidean".
Asistentzia
Dokumentaleko protagonista ugari mustutze ekitaldian izan ziren: hogeita hamar torturatu sakandarrak, beraien ezagutzatik torturaren praktikak dituen hainbat ertz aztertzen lagundu duten Iñaki Egaña historialaria, Martxelo Otamendi eta Mikel Reparaz kazetariak, Amaia Izko abokatua eta Jeannete Goikotxeta Euskal Kriminologia Institutuko lan taldearen laguntzailea. Iñigo Iruin abokatua, Ainara Iraizoz psikologoa, Laura Pego kriminologoa eta Serge Portelli epailea ezin izan ziren joan eta hain agurra helarazi zuten.
Ekoizpenean lagundu zuten erakundetako ordezkariak ere Altsasun izan ziren: Euskal Memoria Fundazioa, Iratzar Fundazioa, Olaso Dorrea Fundazioa, Foku Ekoizpen Audiobisuala, Olaso Dorrea Fundazioa, Elkar Argitaletxea eta Ahotsa Herri Komunikabidea. Lazkaoko Beneditarren Fundaziotik ezin izan ziren bertaratu, beraien agurra helarazi zuten. Diru ekarpena egin duten hainbat herritar eta Sakanako hamahiru udaletako ordezkariak ere izan ziren mustutze ekitaldian.
Erakunde publikoetako ordezkaritza zabalak bat egin zuen Iortia kultur gunean: Nafarroako Gobernua ordezkatuz Ana Ollo lehendakariordea eta Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde. Parlamentariak ere izan ziren: Arantxa Izurdiaga eta Irati Jimenez(EH Bildu), Mikel Asiain Geroa Bai) eta Carlos Guzman (Contigo-Zurekin). Baita Nafarroako Memoria Institutuko Josemi Gaston ere.
Gonbidatu berezien artean izan ziren Nafarroako Torturatuen Sarearen ordezkaritza zabala eta estatuaren biolentziaren biktima sakandarren senitartekoak. Horien artean, 1979an Guardia Civilak errepide kontrol batean hildako Mikel Arregirenak, GALek 1984ean eraildako Anjel Gurmindorenak, 1993ean Pariseko espetxe batean hildako Pello Mariñelarenak eta, dokumentalean azaltzen den hipotesiaren arabera, torturagatik 1997ean hildako Josu Zabalarenak. Gonbidatuen artean ere tortura medio ateratako adierazpenengatik espetxe zigor luzeak pairatzen ari diren Sakanako presoen senitartekoak izan ziren.