Altsasuko Udalak erabaki du bere jabetzako etxebizitza bat eta hiru lur sail enkante bidez saltzea. San Pedro A taldeko 14. zenbakiko eraikina saltzera atera du Altsasuko Udalak. 90,94 m2-ko azalera duen eraikina da. Harengatik udalak 82.496,93 euro eskatzen ditu. Txunkai auzoko Geltoki kalearen mendebaldeko muturrean urbanizatuta dagoen partzela da enkante bidez Altsasuko Udalak saldu nahi duena. 205,33 m2-ko azaleran familia bakarreko etxebizitza eraiki daiteke, beheko solairua eta bi altuera gehienez. Udalak 70.072,39 euro eskatzen ditu. Geltoki kalean bertan udalak beste lur sail bat enkante bidez saldu nahi du. Horrek 152,6 m2-ko azalera bera eta etxebizitza mota bera eraikitzeko aukera du. Partzelak 69.214,69 euroko balioa du. Azkenik, Santokristobarren kalearen 7. zenbakian dagoen orubea ere enkante bidez salgai jarri du udalak. 202,27 m2-ko azalera du. Elkarri atxikitako familia etxebakarra eraikitzeko aukera dago han, zehazki, behe solairua eta bi altuera izan ditzake. Harengatik udalak 84.848,22 euro eskatzen ditu.
Enkantean salgai jarritako lau jabetzengatik eskaintzak aurkezteko epea garilaren 16an despedituko da. Interesa duenak udal idazkaritzarekin harremanetan jar daiteke idazkaritza@altsasu.net posta elektronikoaren eta 948 562 161 telefono zenbakiaren bidez.
Iritzi kontrajarriak udaletxean
Alkatetzako taldeak, Geroa Baik, sustatu ditu enkanteak. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, "udala kontziente da Altsasun etxebizitza eraikitzeko lurzorurik ez dagoela, ezta salmentan edo alokairuan dagoen etxebizitzarik ere". Alkateak azaldu duenez, "2002an Udal Hirigintza Plana onartu zenean, esaterako Lezalden eta Beikolarren hirigintza garapenak aurreikusi ziren, familia bakarreko etxebizitzak eraikitzeko. Baina horiek lankidetza sistemaren bidez gauzatzeko aurreikusi zen. Irizpide orokor hori gaizki erabili zen plan horretan hirigintza sektore guztietan. Ondorioz, gaur egun Altsasuko Udalak ez du aurreikusten garapen horiek sistema horren bidez egitea, ekonomia karga guztiz neurrigabea baita sektore horietako jabeendako. 2002ko hirigintza planak akats politiko eta tekniko handiak ditu bere edukian", azpimarratu du alkateak.
Ollok nabarmendu duenez, "egungo biztanleria finkatzen saiatzeko, bere martxa saihestuz eta, aldi berean, bizilagun berriak erakartzen saiatzeko etxebizitza funtsezko elementua da helburu hori lortzeko". Ildo horretan kokatu du Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoarekin egindako hitzarmena. "Etxebizitza hutsen jabeek etxebizitza horiek erakunde horrek kudeatzen duen alokairu poltsan sar ditzaten sustatzeko eta ahalbidetzeko, edo udal-partzela baten jabetza doan uztea, gehienez babes ofizialeko 42 etxebizitza alokairuan eraikitzeko. Gainera, neurri fiskalak hartu dira, jenderik gabeko etxebizitzen gaineko zerga; izan ere, zerga-bilketa helburu duen neurria izan beharrean, hutsik dauden etxebizitzak alokatu ahal izatea da helburua". Neurri horiekin batera, udal eraikin eta lur sailen enkantea dago. Olloren iritziz, "erabilera publikorik gabe eta epe ertain eta luzera izango dutela aurreikusi gabe egonik, bizilagunen eskura jar daitezke, bertan beren etxebizitza ezarri ahal izateko eta, beraz, ez dezagun ahaztu gure herrian etorkizunerako duten proiektua. Izan ere, ez du zentzurik Udalak lehen erabilerarik gabeko eta etengabe hondatutako etxebizitzak ziren eraikinak izatea, legez kanpo okupatuak izateko arrisku erantsiarekin, 2021ean besterendu nahi den higiezinarekin gertatu zen bezala.
Altsasuko EH Bildutik gaztigatu dutenez, "Nasuvinsak eraikiko dituen alokairurako 21 etxebizitzak altsasuarren beharrak ez dituela asetzen". EH Bilduk, bestalde, "etxebizitza eta lurzoru publikoa pribatizatzeko erabakia zuzentzeko" eskatu zion alkatetzako taldeari herenegungo bilkuran. EH Bilduk proposatu zuen "udalaren etxebizitzak Nasuvinsaren birgaitze proiektuan sartzea eta alokairu publikoko poltsara sartzea". EH Bilduko kideek azaldu zutenez, "proposamen hori egin dugu alkatetzak ez duelako alokairuko etxebizitza poltsa propioa sortu nahi".