Altsasun egindako prentsaurrekoagatik isuna jarri diote Aldatu Gidoia egitasmoari

Guaixe 2024ko uzt. 1a, 10:29

Aldatu Gidoia ekimeneko hainbat kidek bat egin zuten aurkezpenean. ARTXIBOA

Aldatu Gidoia mugimenduko kide batek, 'Mozal legea' aplikatuta, isuna jaso berri du Altsasun egindako prentsaurreko batean legeak onartutako jende kopurua baino gehiago elkartu izanagatik. 

Aldatu Gidoia mugimenduak jakinarazi du Guardia Civilak isuna jarri diela mozal legea aplikatuta. Prentsaurrekoa egin zuen Altsasun apirilaren 25ean, eta haren bidez Gasteizen maiatzaren 18rako deitutako Aldatu gidoia euskararen alde manifestazioaren berri eman zuten. Mobilizazioaren bidez ikus-entzunezkoetan euskararen aldeko politikak eskatuz zituzten..

Berriki, mugimenduko kide batek Guardia Civilaren isun jakinarazpena jaso du. Antza, X sare sozialean zabaldutako irudiak arakatu ditu eta ikusi dute 22 lagun bildu zirela prentsaurrekoan. Horregatik, jarri diote isuna. Legearen arabera, elkarretaratzeak egin behar direnean, ez da premiazkoa baimenik eskatzea baldin eta hogei lagun edo gutxiago elkartzen badira. Hori horrela, Guardia Civilak argudiatu du agerraldia egin zutenek ez dutela baimenik eskatu, eta legeak onartzen duen gehienezko lagun kopurua gainditu egin zutela, bi gehiago zeudelako. 

Aldatu Gidoia mugimenduak isuna kritikatu eta salatu du, eta nabarmendu Mozal Legearen helburua dela herritarrei eragoztea politikan parte hartzea. "Guk euskaran ardaztutako politikak aldarrikatzen segituko dugu".