Ibaiaren emariak Beheko benta kalearen hormigoizko eustormaren oinarrian zegoen tufa eraman zuen eta, ondorioz, zati bat erori zen. Horrek arazoak eragin ditzake hormaren osotasunean, eta, beraz, beharrezkoa da horma sendotzea eta babestea. Horretarako, hormigoiz beteko dira dauden zuloak. Lan horiek egiten hasi ziren langileak joan zen astean. Horretarako, lehenik eta behin hormaren oinarrian dagoen landaredia kendu, oinarria prestatu eta enkofratua eginen dute, gero porlanez betetzeko.
Obrak joan zen urtean egitekoak ziren, baina Ebroko Ur Konfederazioaren baimena abenduan iritsi zen, eta udalak lanak atzeratzea erabaki zuen. Izan ere, makinak eta langileak eustormaren oinarrira iristeko ibaiaren ibilgua pixka bat aldatu behar izan dute. Lanak finantzatzeko udalak estatuaren dirulaguntza du, 2021eko abenduaren 10eko uholdeek sortutako kalteen kontura emandakoa.
Laguntza horren barruan ere bada diru sail bat Errota txikin beste lan bat egiteko. Ibarria industrialdeko saneamendua berritzeko jarduketaren barruan egindako gainezkabide bati eragin zion uholdeak, hura dagoen ibai ertza kaltetu baitzen. Zehazki, gainezkabidearen azken zatia lekuz aldatu zuen uraren emariaren indarrak eta, ondorioz, gainezkabideak funtzionatzeari utzi zion. Atzera ere, hustubidea egin beharko du. Bi lanak Xcava Obras y Servicios, SM enpresak egingo ditu 46.252,59 euroren truke (BEZik gabe).
Bestalde, Altsasuko Udalak kamioiendako udal aparkalekuan lanak egin zituen garagarrilaren erdialdean. Zehazki, atea zabaldu eta ixteko sistema konpondu zuen udalak.