Zinema proiekzioak eginen dituena kontratatzeko garaia

Guaixe 2024ko uzt. 9a, 11:44

Iortia kultur guneko areto nagusia jendez beteta. ARTXIBOA

Deialdian interesa duen enpresak garilaren 16ko 23:59ra arteko epea du eskaintza aurkezteko. 

Iortia kultur gunean filmak proiektatzen hasiko dira atzera ere iraileko laugarren astean, eta hala segituko du 2025eko garagarrilaren erdialdera arte. Hori egin ahal izateko zinea proiektatzeko zerbitzua emateko deialdia egin du udalak. Bi urterako izanen da eta 56.400 euroko  (BEZik gabe) balioa du. Udal zerbitzuen kalkuluaren arabera, enpresa hartzaileak 564.000 euroko irabaziak izan ditzake. 

Baldintzen pleguan jasotakoaren arabera, zinema denboraldi berrian ez da aldaketarik izanen: astero hiru egunetan izaten dira emanaldiak bi aretoetan, edo bakarrean garaiaren arabera. Gainera, gutxienez hilean behin, haurrendako emanaldia izaten da domeka arratsaldeetan. Aldi berean, filmak mustu eta gehienez hiru astera Altsasun eman beharko dira. Gainera, programazio osoaren %25 gutxienez Europan egindako filmek osatu behar dute. 

Udalak orain arte filmen hornidura kontratatu izan du eta sarrerak eta proiekzioa zuzenean kudeatu ditu. Aldaketarekin arlo horretan espezializatua den enpresa bat hartuko du zinema emanaldien ardura: filmen hornidura, sarrera salmenta eta emanaldia. Hala enpresak bere gain hartuko du zinemako gastuak eta sarrerak. Aldaketarekin Altsasun mustu berri diren filmak ikusteko aukera handiagoak izanen direla uste du udalak.