Astekaria

"Nire bizitza okerrerako aldatu da"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko uzt. 8a, 09:45

Dimitri Ermolenko.

Istripuak, artak eta operazioak bere bizi kalitateak behera egitea eragin diote Dimitri Ermolenkori. Bidean "zurea da arazoa" esan diote. Diagnosi zuzenak epaitegira eta lanerako lan ezintasuna eskatzera eraman du.

Goiz batez, lanera bizikletan joaten zela, Dimitri Ermolenkok istripua izan eta min hartu zuen. Gorputzean dituen oinazeei ordutik bizi izandakoak eragindako buruko minak gehitu behar dizkio. 

Lan istripua izan zenuen. 
'In itinere' istripua izan nuen. Ibarrea industrialdera, lanerako bidean izan zen, istripua 2021eko maiatzaren 29an. Bizikletako aurreko gurpila blokeatu zen eta aurrerantz atera eta lurraren kontra buruan kolpe handia hartu nuen. Tarte batez konortea galdu nuen. Altxatzean segundo batzuetan zer gertatu zen ezin izan nuen ulertu. Aurpegitik odola erortzen zela ikusita osasun etxeko larrialdietara joan nintzen. Buruan nuen zaurian lau puntu jarri zizkidaten. Josteko ezin nuen ezta ohatilan etzan eta eserita nengoela josi zidaten. Lepoko mina nuen. Baina gainontzeko zauriak ez ziren larriak. Etxera bidali ninduten, astelehenean mutuara joateko esan zidaten. 

Eta mutuan, zer?
Galdera batzuk egin zizkidaten. Istripua izan nuela jaso zuten. Erradiografiak egin zituzten eta istripua arina izan zela esan zuten. "Lepoak kolpeagatik min egiten dizu". Buruko zauria sendatzeko zazpi egunetarako baja eman zidan. 

Baja bukatuta, lanera?
Bai. Lepoak eta buruak min handia ematen zidan, ibiltzea asko kostatzen zitzaidan. Granaila eta metalizatuko lana da, tona askotako piezekin, eskailerak igo behar ditut, pisuarekin lan egin. Edozein mugimendurekin lepoak min egiten zidan. Saltatzea oso mingarria zen. Burua ezin nuen asko biratu. Ohean ezin nuen lo egin, burua mugitzea, edozein muskulu mugimenduk, lepoan min egiten zidalako. Atzera ere medikura joan nintzen, nire oinazeen berri emateko: lepoan min handia nuela. Pastillak eta ukenduak errezetatu zizkidan. Erresonantziaren bat egiteko eskatzen nuen, baina ezezkoa esaten zuten, mutuaren arabera ez bainuen arazorik. Esaten nien mutuan ere ez zidatela ezer egin, ez ninduela espezialista batek berak ere aztertu. Alferrik. Hilabetez tratamenduarekin egoteko, eta segituz gero, beharbada espezialistara bidaliko nindutela esan zidaten. 

Horrela noiz arte? 
Hainbatetan bueltatu nintzen medikuarengana eta pastilla eta ukenduak errezetatzen segitu zuen. Nik lastailean baja hartu nuen. Ordura arte minez lan egiten aritu nintzen. Medikuak kasurik ez zidanez egiten, osasun etxeko administraziora joan nintzen eta azaldu nion espandolitisagatik %35eko ezgaitasuna dudala. Nire kasua eramaten duen erreumatologoarekin lehentasunezko hitzordua eskatu nuen, "bestela ospitaleko larrialdietara noa eta artatu arte ez naiz handik mugituko, hemen ez baitidate inolako kasurik egiten". Gainera, idatziz jasoa dago: ezgaitasuna duen pertsonaren batek kalte posibleak baditu, espezialista batek artatu behar du. Eta erresonantzia magnetikoa egin behar zaio. 

Espezialistak hartu zintuen? 
Gertatutakoa eta bizitutakoa azaldu ondoren premiazko erresonantzia egitera bidali ninduen. Hurrengo hitzorduan neurozirujauarengana bidali ninduen orno zerbikalak hautsiak nituelako. Atzera ere, erresonantzia egin eta esan zidaten: "ebakuntza berehala egin behar dugu. Istripuaren unean egoki artatu balizute, beharbada ez genuke ebakuntza eginen. Baina lepokoa jarri ez dizutenez, erresonantzia egin ez dizutenez eta lanera bidali zintuztenez, ornoen egitura dagoeneko hautsita dago eta ezin da berez soldatu". Ordura arte oinazez eta soinu arraroak entzuten egon nintzen, hautsitako errodamendu baten parekoak. Ebakuntza 2023ko otsailean egin eta ornoetan lau torloju jarri zizkidaten. 

Ondoriorik?
Ezkerrera eta eskuinera edo gora begiratzeko buruaren mugimendua oso mugatuta dut. Besoak eta behatzak berehala lokartzen zaizkit oso aktibo nagoenean. Halakoetan gelditu eta lasaitu beharra dut. Litekeena da bizkar muina ikututa egotea. Nire bizitza okerrerako aldatu da: dagoeneko ezin dut lan egiten nuen lantokian lanik egin, dudan adinarekin ez naute inon hartu nahiko. Bide hori itxi zait. 

Lanera bueltatu zara?
Ez, bajan nago eta prestazio txiki bat kobratzen dut. Lanerako ezintasuna eskatu dut. Baina denbora behar dutenez, nire eskaeraren erantzunaren zain nago. Eta bitartean ezin dut doako prestakuntza ikastarorik egin, ez nagoelako langabezian, bajan baizik. 

Zergatik jo duzu epaitegira? 
Osasunbidea eta mutuaren kontra egin dut. Neurozirujauak hots egin zidanean esan zidan: "haustura ireki hori izanda, mirari bat da zu paralizatuta ez egotea. Dagoen hausturarik arriskutsuena da. Pixka bat desbideratzen bada, bizkar muina blokeatu eta paralizatuta geldi zaitezke. Argi ibili, edozein pauso zuretako azkena izan daiteke eta". Une hartan mutuari erreklamazioa aurkeztu nion, akatsa egin eta arduragabekeriarekin jokatu zutela esanez eta neurozirujauaren diagnosia azalduz. Bi hilabetetara erantzun zidaten esanez egoki artatu nindutela. Berak ardurarik izan duenik ukatzen du. Osasunbideari dagokionez, protokoloari jarraituz behartuta zeuden lepokoa jartzera, anbulantzia deitu, espezialista jakinaren gainean jarri, erresonantzia magnetikoa egin eta gaixoa haustura balu bezala artatu espezialistaren erantzuna izan arte. Halako ezer ez zuten egin ez batek ez besteak. Osasunbideari aurkeztutako erreklamazioa erantzuteko sei hilabete zituen eta zortzi pasata erantzun ez zuenez, epaitegira jo genuen. Eta zain gaude. 

Bizitakoaz, zer iritzi duzu?
Haiendako arazoa nirea da. Legeak eta protokoloak daude. Medikuek ezin dute justifikaziorik gabe zehaztutako estandar horietatik aparte aritu. Nik istripua izan nuen eta ez zituzten estandar horiek bete.