Altsasuko Udalak heldu den ikasturterako Altsasuko mugitzen da ikastaroen eskaintza egin du atzera ere. Eskaintza hori 70 urte baino gehiago izan eta honako egoera bizi dutenei zuzenduta dago: mugikortasun falta, indar eza, bastoi edo taka-takarekin ibiltzea, erortzeko beldur dena eta autonomia galdu badu. Altsasuko Udalak ariketa fisikoa sustatzeko eskaintza horren bidez adinekoen autonomia sustatu eta mendekotasuna prebenitu nahi ditu. Horretarako, parte hartzaileak Atabo SM udal enpresako kirol teknikariekin ariko dira. Ariketa fisikoa Intxostiapuntako gimnasioan egiten da astelehen eta asteazkenetan. Bi talde daude: 09:45etik 11:00etara eta 11:00etatik 12:15era. Izena emateko edo informazioa jasotzeko honako telefono zenbakietara hots egin daiteke. 948 012 012, 948 468 343 edo 948 467 662. Izen ematea hilaren 8tik 18ra zabalik egonen da, plazak bete arte.
Ur terapia eskaintzari dagokionez, Zelandi kiroldegiko igerilekuan eginen da. Hartan ere aurreko arazoak dituztenak izena eman dezakete. Baina baita belauna, aldaka edo beste artikulazioren batean mina duten adinduek eman dezakete izena. Saioak astelehen eta ostiraletan izanen dira, 12:30etik 13:30era. Izen ematea hilaren 10etik 19ra dago zabalik, plazak bete arte. Izena emateko aurreko telefono zenbakietara jo daiteke.
Ikastaroen prezioei dagokienez, errentaren araberako hamaika tarte zehaztu ditu udalak. Beraz, izena ematen duenak 39 eta 241 euro artean ordainduko du. Eskaintzari buruzko informazio guztia altsasu.eus webgunean dago.