Gauzak ongi, Sunsundeguiren lantegian gaur egun Volvobusen azken belaunaldiko 9700 eta 9900 autobus modeloak karrozatzen ariko lirateke langileak. Baina bi enpresek hitzartu zuten lan plangintza ez da bete eta, bideragarria ez zela ikusita, aldeak akordioa eteteko ados jarri ziren. Volvobusek bi modeloek fabrikazioa "atzeratzea" erabaki du. Astelehen arratsaldean premiaz egindako bilera batean hartu zuten erabakia.
Mikel Irujo Amezaga Industria eta Trantsizio Ekologikoko eta Enpresa Digitaleko kontseilariak esan duenez, "Sunsundeguiren finantza egoera oso delikatua izaten jarraitzen du. Horregatik, bi modeloen ekoizpena eteteko elkarrizketak izan ditu Volvorekin, inbertsio handia behar baitu. Eta, finantza egoera hori ikusita, egokiago jo da modeloen fabrikazioa etetea". Maria Chivite Navascues presidenteak jakinarazi zueenz, 14 milioi euroko inbertsioa egiteko arazoa luke Altsasuko enpresak. Antza, zenbait hornitzailek eskaerak jasotakoan zati bat ordaintzea exijitu zioten Sunsundeguiri. Kontseilariak gaineratu duenez, "Sunsundeguitik jakinarazi digute Volvok bere merkataritza harremana eta lan karga handitzeko konpromisoa mantentzen dituela, eta horrek enpresaren bideragarritasuna bermatzen du".
Proiektua Sakanarako estrategikoa zen, 400 eta 500 lanpostu artean sortzea aurreikusten zuen, 720 langile izan arte. Urtean 783 autobus ekoiztea eta 140 milioi euro fakturatzea aurreikusi zen. Volvo proiektuak atzerapenarekin baina aurrera jarraitzen zuen. Aurreneko prototipoa egina zegoen, homologatzeko zain. Bigarrena, berriz, nahikoa aurreratuta zegoen. Bi modeloen ekoizpen fasetik gertu zegoen enpresa.
Langileak
Enpresa batzordeak zuzendariaren ahotik berria asteartean jaso zuen. Jakinarazi zietenez, Volvok hartu zuen bi modelo horiek ez egiteko erabakia. Aldi berean, esan zieten, printzipioz, ez dela plantilla murrizketarik aurreikusten. Hala ere, agorrilean enpresak diru sarrerarik izanen ez duenez, langileei estra bi zatitan kobratzea proposatu zieten, erdia orain, beste erdia irailean. Zuzendaritzak horrela hornitzaileei erakutsi nahi die ahalegina egiten ari direla. Enpresa batzordeak eskaera horri uko egin dio, "ezer konpontzen ez duelako". Eta garileko, agorrileko nominak eta estra osorik ordaintzeko eskatu du. Langileen ordezkarien iritziz, "murrizketa ugari izan ditugu, bidean asko utzi dugu. Poltsikoa ukitzea, ez. Jendea nekatuta eta motibaziorik gabe dago". Gaineratu dutenez, "Murillo zuzendaritzatik kaleratu zutenetik kudeaketan aldaketa egon da eta soldaten ordainketa egunean dago. Aurtengoa finantza trantsiziokoa da". Antza, enpresa hornitzaileen egoera okerragoa da, Sunsundeguik ez dielako pagatzen. Enpresa batzordeak egoera aztertzeko administrazio kontseiluarekin bilera eskatu du; "jakin nahi dugu zein den gaur egungo egoera eta zein den etorkizuneko plana".
Gaur egun Sunsundeguin 410 langile daude. Volvo proiektuarekin mordoa sartu ziren, eta, horretan bakarrik, 40 bat zeuden lanean. Langileen ordezkariek esan digutenez, "ez zuten kontratazio erritmoarekin jarraitu. Orain langile horiek birkokatuko dituzte". Zuzendaritzaren asmoa da egunean bi autobus egitea. Urtean Sunsundeguiko 300 autobus eta Volvoren 150 egitea aurreikusia zegoen. Orain 400 unitate egin nahiko lituzkete. Hori lortzeko aukeretako bat da Volvok Sc7 NG modeloko eskaerak Altsasura bideratzea. Suediarren ordezkaritza heldu den astean bisitan etorriko da. Enpresa batzordetik azaldu dutenez, autobus elektrikoena geldirik dago, baina aurtengo eta heldu den urteko lan kartera beteta dago.
Kronologia
2023-05-04 Sunsundeguik eta Volvok aurreakordioa itxi zuten. Haren azken belaunaldiko autobusak karrozatuko ziren Altsasun.
2023-05-08 Bi enpresek eta Nafarroako Gobernuak lan plana zehazteko bilera egin zuten.
2023-08 Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatuta, eta Sunsundeguik bere plantilla pixkanaka handitzeko, zazpi ikastaro hasi ziren. Parte hartu zuten 72 ikasleetatik lastailean 31 lanean zeuden. Hamabost ikastaro aurreikusi ziren, 220 ikaslerendako.
2023-10-24 Volvo Busen eta Sunsundeguiren arteko akordioa itxi zen Altsasuko lantegian. Nafarroako Gobernuko kideak lekuko izan ziren.
2023-12-19 Sunsundeguik altxortegi arazoak zituela jakin zen.
2023-12-21 Nafarroako Gobernuak onartu zuen Sodenak Sunsundeguiri lau milioiko mailegua ematea.
2024-01-17 Nafarroako Parlamentuko Industria Batzordea Sunsundeguin izan zen.
2024-02-06 Langileek “lan eta etorkizun” duina eskatu zituzten bilkura bidez, ilbeltzeko nomina osoa ez zutelako kobratu.
2024-02-07 Sunsundegiko enpresa batzordea Mikel Irujo Amezaga Industria eta Trantsizio Ekologikoko eta Enpresa Digitaleko kontseilariarekin, Industriako zuzendari nagusiarekin eta Sodenako bi arduradunekin batzartu zen.
2024-04-22 Jose Ignacio Murillok Sunsundeguiko zuzendari exekutiboa izateari utzi dio. Behin behinean haren lekukoa Felix Aramendiak hartu zuen.
2024-05-06 Nafarroako Gobernuko eta VolvoBuseko ordezkariek bilera egin eta proiektuaren “martxa ona” berretsi zuten.
2024-05-19 Nafarroako Gobernuak onartu zuen Sodenak Sunsundeguiri sei milioiko mailegua ematea.
2024-07-04 Bi enpresek akordioa bertan behera utzi zutela jakin zen.