Astekaria

"Clavijon pilotu onenen denbora berean egoteak asko poztu nau"

Maider Betelu Ganboa 2024ko uzt. 18a, 14:00

Mikel Mazkiaran Segura, pabilioian, autoa doitzen.

Car-krosarekin mendi igoeratan lehiatzen da Mikel Mazkiaran pilotu altsasuarra, eta aurten lehiatutako lau probetatik hirutan podiumera igo da, denbora onak eginda

Mikel Mazkiaran Segura altsasuarra Urbasa Garajeetako mekanikaria da. Aisialdian ere motorrari lotuta jarraitzen du, duela hiru urte car-krosa erosi, eta mendi igoeretan lehiatzen hasi zelako. Uztailaren 6an Clavijoko igoeran hirugarren sailkatu zen bere mailan, Espainiako Txapelketetan aritzen diren pilotuen denbora berdinetan arituz. "Ilusioz gainezka” dago.

Automobilismorako zaletasuna txikitatik datorkizu?
Bai, errudun nagusia osaba izan zen. Ni baino 15 hilabete zaharragoa den anaia dut, Xabi. Osabak moto bat erosi nahi zigun, baina aitak arriskutsu ikusten zuen, eta kart bat erosi zigun. Xabik 6 urte bete zituenean lehendabiziko txapelketa kart-a erosi ziguten, eta nik 6 urte bete nituenean biek kart txapelketetan parte hartzen genuen.

Lasterketa asko irabazi zenituzten.
Nafarroako eta Euskal Herriko Karting Txapelketan lehiatzen ginen, eta zenbait lasterketa irabazi eta makina bat podium lortu genituen. Hiruzpalau urte ibili ginen txapelketetan. 2007an Espainiako Karting Txapelketara joan ginen, probatzera, eta hori izan zen gure azkeneko proba. Kategoriaz igotzea zegokigun, eta kart handiagoa erosi behar zen. Biendako aurrekontua oso handia zen, eta utzi genuen. Nolanahi ere, etxean beti izan dugu kart bat zaletu gisa ibiltzeko.

Noiz hasi zinen car-krosean?
Betidanik erakartzen ninduten, kart-ekin duten antzekotasunarengatik. Azkenean, duela 3 urte bigarren eskuko bat erostea erabaki nuen, gaur egun dudana. Lehendabiziko urtean Mendaviara eta Mirandara entrenatzera joan nintzen, Josu Berastegik proba batean lehiatzera engainatu arte.

"Euskal Herrian car-krosek ezin dute mendi igoeratan parte hartu; kanpora ateratzen gara lehiatzera"

Zer da car-krosa?
Galdera ona! (kar-kar). Quad baten eta motor baten arteko nahasketa da. Lau gurpil dituen txasis tubularra da, quadaren suspentsioak dituena eta GSXR 600 errepideko motoaren motorra duena. Motorrak 125 zaldiko potentzia du, baina horren arina denez, abiadura handia hartzen du. Bestela, ohiko auto baten elementuak ditu: azeleragailua, frenoa, enbragea, esku-frenoa... Martxak aldatzeko aldaketa sekuentziala du: lehendabiziko martxarako aurrera eman behar diozu, eta besteetarako atzera.

Gidatzeko erraza al da?
Maneiatzeko erraza da, baina ongi eta azkar ibiltzea zailagoa da. Lur gainean edo asfaltoan ibili, gidatzeko modua erabat aldatzen da, eta autoa modalitate bakoitzera doitu behar duzu.

Mekanikaria izatea primeran etorriko zaizu.
Nik doitzen dut car-krosa, eta egin beharreko konponketa eta aldaketa guztiak egiten dizkiot. Mundu honetan mekanikaria behar duzu izan, edo, bestela, diruduna. Autoa %100 izaten saiatzen naiz beti. Pabilioian ordu asko sartzen ditut.

Car-krosak oso garestiak dira?
Barketa batek eta lasterketetarako ohiko turismo batek duten balioaren artean daude. Car-kroserako motor gutxi egiten dira, eta garestiak eta lortzeko zailak dira. Dena den, mundu honetan erostea da beti merkeena. Mantenua, lasterketetan izena eman eta asteburu pasa joatea... Ondoren datorrena da garestiagoa.  

Car-kros proba ezberdinak daude.
Lur gaineko lasterketetan, auto-krosean esaterako, auto guztiak batera ateratzen dira probetan. Zure lanaz aparte, ondokoak egiten duena zaindu behar duzu, autoen arteko talkak eta bestelakoak ekiditeko. Bestalde, lur gainean bideko zuloak daude, hautsa mugitzen da... Arrisku gehiago dago, eta matxurak izateko edo autoa apurtzeko aukera gehiago. Mendi igoerak, ordea, asfaltoan jokatzen dira eta kronometratutako probak izaten dira; autoak banaka ateratzen dira. Gidatzerako orduan asko aldatzen da, izugarri. Nik mendi lasterketak ditut gustuko, eta horietan lehiatzen naiz. Baina aitortu behar dut ere lur gainekoek, lur eremua izeneko probek bereziki, erakartzen nautela. Lur eremu itxi batean kronometratutako probak dira, eta tentatuta nago. Gaztela Leonen halako asko egiten dira.

"Lehen helburua ongi pasatzea da, hori beti; orain, lur eremuan probatu  nahiko nuke"

Sakanan hiru car-kros pilotu zaudete Sakana Motorsport eskuderian: Iñaki Gaulabur ergoendarra, Josu Berastegi urdiaindarra eta hirurak. Eremu hain txikian, bitxia da.
Bai. Iñaki Gaulabur lur gainean aritzen da batez ere, auto-krosean. Josu aurten ez da lehiatzen ari, bizkarrean mina duelako, baina joan zen urtean elkarrekin joaten ginen lasterketetara.

Non lehiatzen zara?
Duela bi urte lasterketa bat egin nuen, probatzeko, Josuk engainatuta: Errioxako Clavijoko igoera. Lehen lasterketa izateko, denbora nahiko onak atera ziren. Joan zen urtean sei-zazpi proba egin nituen. Arazoa da Nafarroako eta Euskadiko Automobilismo Federazioek car-krosei ez dietela mendi igoeratan eta rallyetan parte hartzen uzten. Horregatik, Errioxan, Kantabrian eta inguruetan antolatutako mendi igoeratan lehiatzen naiz. Car-kros zaletasun gehiena Galizian dago. Bertan egiten dituzte car-kros auto gehienak, eta nik nirea bertan erosi nuen. Estatuan zortzi car-kros etxe inguru daude, eta hiru hoberenak galiziarrak dira. 

Zergatik car-krosek ezin dute Euskal Herriko mendi igoeratan parte hartu?
Segurtasunagatik, hori da hemengo federazioetan ematen duten arrazoia. Car-krosek txasis tubularra dute, barketek bezala; hemen barketei eta formulei igoeratan parte hartzen uzten diete, nahiz eta pilotuak burua kanpoan izan, estalkirik gabe. Ezin dena ulertu da Errioxan, Kantabrian, Galizian, Gaztela Leonen eta halakoetan car-krosei mendi igoeratan lehiatzen uztea, eta hemen ez. Segurtasuna berdina izango da, ez? Polemika sortzen duen gaia da; baliteke tartean interesen bat ere egotea. Izan ere, car-krosak barketak eta zenbait turismo indartsu baino merkeagoak dira, eta askotan lehia zuzena izaten dute elkarrekin. Agian, hor dago koxka.

Zein lasterketetan parte hartu duzu?
Iaz, Clavijo (Errioxa), Arnedillo (Errioxa), Espinaredako Vega (Gaztela Leon), Secadura (Kantabria), Ezcaray (Errioxa) eta beste pare bat igoera egin genituen. Ezcarayn lehena izan nintzen nire kategorian, eta Josu hirugarrena; gainontzeko probetan txukun aritu nintzen. Kantabrian maila handiagoa da, car-krosendako propioa den kopa bat antolatzen baitute; horietako bitan aritu ginen. Datorren urtean kopa horretan lehiatzea aztertzen ari naiz, maila eta lehia handiagoa dagoelako. Kopan puntuatzeko proba guztiak egin beharra dago, eta ikusiko dugu. Aurten, dagoeneko lehendabiziko hirurak egin ditut, eta Soriako beste bat.

Zer moduz? Joan zen urtetik hona aldea nabaritzen al duzu?
Bai. Egindako lau lasterketetatik hirutan podiumera igo naiz, eta bestean atean geratu nintzen. Espinaredako Vegan nire kategorian hirugarren sailkatu nintzen. Maila handia zegoen eta kostatu zen; horregatik ilusio berezia sentitu nuen. Gero Soriako beste proba batean laugarren sailkatu nintzen; scratch edo sailkapen orokorreko lehen lau postu onenak car-krosek egin genituen. Ekainaren 30ean Arnedilloko Igoeran lehena izan nintzen nire kategorian, hirugarren monoplazen kategorian (bertan ere barketek puntuatzen dute) eta laugarren scratchean, Porsche ikusgarri baten atzetik. Eta uztailaren 6an, Txupinazo egunean,  40. Clavijoko Igoeran lehiatu nintzen. 

Ongi joan zen Clavijokoa?
Euritsu esnatu zen eguna, lainotsu, baina azkeneko bi mangetan euria egiteari utzi eta ederki gozatu genuen. Egun osoan aurreko postuetan egon nintzen, eta, azkenean nire kategorian hirugarren izan nintzen eta scratchean laugarren. Podiumera igotzeak izugarri poztu ninduen, arerioetako batzuk Espainiako Txapelketan jokatzen dutelako eta maila handia zegoelako. Euren denbora berdinetan egoteak asko poztu ninduen, gauzak ongi egiten ari garenaren seinale. Pentsa, sailkapen orokorreko lehen lau pilotuak segundo berberean egon ginen. Igor Ayensa txapelduna (Zapa Car car-krosa) pilotu oso ona da, eta bere denbora 2:05.639koa izan zen; Ruben Artia (BME E46 Compresor) bigarrenarena 2:05.759koa; Luis Angel Muñoz  (Zapa Car car-krosa) hirugarrenarena 02:06.767koa; eta nirea (Yacar Cross car-krosa) 2:06.767koa. Car-krosari lotutako San Fermin zapi gorriak laguntza eman zidalakoan nago (kar-kar).

Hortaz, oso kontentu egongo zara.
Izugarri! Ez soilik egindako lanarekin, inguruan dudan babesarekin ere bai. Nire lagunek asko laguntzen naute; nirekin etortzen dira lasterketetara eta ahal duten guztia egiten dute. Familiak ere asko babesten nau. Beraz, oso eskertua nago: lan talde bikaina dut. Bestalde, babesleak lortu ditut (Letona Mekanizatua eta Soldadura, M-86 Motorrak, Donibane, Sakana Optika, Next Movil, Barandi, Solo Karting...) eta euren laguntzari esker aurten proba gehiago egingo ditut, hamar inguru guztira.

"Nire lagunek asko laguntzen naute, eta familiak ere bai. Lan talde bikaina dut, oso eskertuta nago"

Zein da hemendik aurrerako nahia?
Helburu nagusia car-krosean ongi pasatzea da, hori beti. Clavijoko igoera zen aurten begiz jota nuena, nire lehen proba izan zelako, eta maila eta zaletasun handia duelako. Iazko arantza kendu nuen, 2023an aurreneko postuetan nengoela azken mangan bandera horia atera, eta azkenean podiumean sartu ez nintzelako. Aurten podiuma lortu dudanez, helburu bat beteta. Abuztuan eta irailean Kantabriako bi lasterketetan aritzeko asmoa dut, eta lur gainean aritu nahiko nuke, auto-krosen batean edo lurreko eremuren batean.

Hortaz, lurrezko eremuetako probekin tentatuta zaude.
Bai. Kronometratutako rally bat bezala litzateke. Gidatzeko modua zailagoa da, lur gainean zuloak eta trabak egon daitezkeelako, eta autoa gehiago mugitzen delako; asko zuzendu behar zaio. Gainera, proba jokatuko den tokiaren berri bezperan esaten dizute, entrenatzeko astirik izan ez dezazun. Itsuan zoaz. Halako probak oso politak direla diote pilotuek; ea aukera dudan. 

Automobilismoa eta arriskua, betiko leloa.
Azkenean guztiak du arriskua, baina kaskoa janzten duzunean dena ahazten da. Mendi igoeratan nik ez dut inoiz kolperik izan. Hori bai, sekulako beroa pasatzen dugu. Bizkarretik zentimetro gutxira dugu motorra, 100 graduko tenperatura hartzen duena, eta horri pilotuaren trajea gehitzen badiogu... Kontrara, euria egiten badu, bustitzen gara.

Noizbait Urbasako Igoeran parte hartzea gustatuko litzaizuke?
Car-krosarekin Urbasa igotzea ikaragarria litzateke. Nire ametsetako bat da, baina egun car-krosarekin ezingo nuke. Beste autoren batekin izan beharko du.