Amiantoz gaixotutakoek gero eta zailago dute

Guaixe 2024ko uzt. 17a, 09:30

Adavaneko Puri Adrian Villaverde eta Jose Manuel Bueno Perez.

Lan Osasunaren Institutuak aldeko txostena egin arren, Gizarte Segurantzak bi baldintza betetzen ez dituzten langileei ez die gaixotasun profesionala aitortzen. Kalte ordainak lortzeko epaitegira jotzera behartzen dituzte.

Gizarte Segurantzak azken aldian duen jarrerarekin oso kezkatuta daude Adavan elkartean, Nafarroako Amianto Biktimen Laguntza Defentsa Elkartean. Hala jakinarazi digute elkarteko kide Puri Adrian Villaverdek eta Jose Manuel Bueno Perezek. "Amiantoak eragindako gaixotasun profesionalak aitortzeko prozesuan Gizarte Segurantzak biktimekiko mesprezuzkoa eta negazionista den jarrera bat du. Atzera goaz, duela zortzi urte baino askoz okerrago gaude", salatu dute. Hala jakinarazi zioten Nafarroako Gizarte Segurantzako zuzendari berriari garagartzaroaren 17an egindako bileran. 

Adrianek azaldu duenez, "amiantoarekin lan egin zuen langilea gaixotu eta Lan Osasunaren Institutura jotzen du. Erakundeak bospasei hilabeteren ondoren txosten bat egiten du aitortuz pertsona hori gaixo dagoela enpresan amiantoarekin lan egin zuelako. Baina Gizarte Segurantzan pareta batekin topo egiten du, eta langile horri ez diote gaixotasun profesionala aitortzen". Buenok argitu duenez, "Gizarte Segurantzako zuzendariak esan zigun lan handia dutela. Eta amiantoko biktima bat aitortzeko bi baldintza bete behar direla: gaixotutako pertsona amiantoarekin lan egin zuten langileen zerrendan agertzea eta berak lan egin zuen enpresa amiantoa erabili zuten enpresen zerrendan egotea. Hortik ez da ateratzen eta ez du malgu jokatu nahi, eta eskaerak ukatu egiten ditu". 

Eta "malgu" jokatzeko aukerak badituela adierazi du Adrianek: "pertsona amiantoarekin lan egin zuelako gaixotu dela dioen Lan Osasunaren Institutuaren aldeko txostena du. Normalean, enpresa berean amiantoagatik gaixotutako beste pertsonen kasuak onartu dira lehenago eta, horregatik, enpresak zigortu izan dituzte. Gertatu da langile bati gaixotasun profesionala aitortzea eta haren lankideari, ondoan lan egiten zuenari, ez aitortzea". Aurrekariak daudenean horiek kontuan hartzea eskatu dute elkartekideek. 

Trabak
Adavanekoek haserretzen dituen beste kontu bat Gizarte Segurantzak erantzunak emateko hartzen duen denbora. "Lan Osasun Institutuaren aldeko txostena izanda, ez da onargarria ebazpena emateko urte bat baino gehiago pasatzea. Horrek prozesuak artifizialki luzatzea dakar, biktimak berriro biktima bihurtzen ditu eta haien sufrimendua luzatzen du. Horregatik, Lan Osasuneko Institutuaren aldeko txostena dagoenean, eskatzen dugu aldeko ebazpenak arrazoizko epean ematea, bizpahiru hilabetetan", esan du Buenok. 

Aldi berean, gaixotutako pertsona amiantoarekin lan egin zuten langileen zerrendan agertzearen inguruko zehaztasunak egin ditu Adrianek: "Lizarrako Agni enpresak 250 langile zituen, baina zerrendan 50 besterik ez daude. Eta antzeko egoera dago gainontzeko enpresetan. Zergatik? Enpresek zerrenda horretan langile gutxiagoren izena ematen zuten, horrela mediku azterketa gutxiago egiteko". Osasuna eta dirua balantzan jarrita, diruaren alde egiten du. "Enpresek eta Gizarte Segurantzak bazekiten amiantoa minbizi sortzailea zela eta ez zuten langileondako bitartekorik jarri. Orain enpresariengatik pena adieraziz. Bileratik inpresio txarrarekin atera ginen", azaldu du Buenok. 

Elkarteko kideen susmoa da Gizarte Segurantzak enpresarien presioak jaso dituela epeak luzatu eta kontrako ebazpenak emateko. "Zuzendariari galdetu genion eta ezetz erantzun zigun", argitu du Adrianek. Baina erantzunak ez ditu Adavanekoak konbentzitu. Izan ere, pertsona bati gaixotasun profesionala aitortzen bazaio enpresak kalte ordaina pagatu behar dio. Eta hiltzean haren alargunak pentsioaren %100 jaso behar du. Gaixotasun profesional aitortza ukatzen denean epaitegia da azken aukera. "Hala gogorarazi zigun zuzendariak berak", aitortu du Buenok. 

Auzibidea
Epaitegira jotzeko dokumentazioa bildu behar da. Hori zaila da enpresa itxi bada. Eta lekukoak behar dira. Batzuetan semeak aitaren enpresa berean lan egin dezake eta ez deklaratzeko presioak jaso. Auzibideetan gertatzen ari dena ere salatu du Adrianek: "oso erraz ari dira epaiketak bertan behera gelditzen, paper bat falta dela, hau eta bestea esaten dute enpresetako abokatuek. Horrek auzia zortzi edo hamabi hilabete atzeratzea dakar. Azkenean, hiruzpalau urte pasa daiteke epaia atera arte". Eta bitarte horretan amiantoak eragindako pertsona "gaixotu eta minbizia gara dezake, bizi kalitatea galdu dezakete berak eta bere familiak. Biktimak berriro biktima bihurtzen ari dira. Gero eta zailagoa da amiantoagatik gaixotasun profesionala aitortzea". 

Epaia iritsi bitartean gaixoen bizi kalitateak okerrera egiten du eta zenbait epaia iritsi aurretik ere hil egin izan dira. Horrek enpresek ordaindu beharreko kalte ordainetan ere eragina du. Gaixoa bizirik badago 200.000 eta 300.000 euro artekoak izan daitezke kalte ordainak. Gaixoa hilda badago, txikiagoak dira kalte ordainak. "Gertatu izan da ere hildakoaren familiari mingarriegia egitea epaiketarekin segitzea eta prozesuaren erdian bertan behera uztea", azaldu dute elkarteko kideek.

Deialdia, eta kexa
Adavaneko kideak dei egin diete amiantoarekin lan egin izanaren susmoa duten pertsona guztiei Lan Osasunaren Institutura joan eta zerrendan sartzeko eskaera egiteko. "Guk amiantoa erabili zuten enpresak zein diren badakigu, baina autonomoak izan ziren langileak, igeltseroak edo iturkinak, zein diren ez dakigu. Hodi guztiak amiantozkoak ziren eta izena eman beharko lukete zerrenda horretan", azaldu du Adrianek. "Neomologoak amiantoarekin lotura duen gaitzen bat atzemanez gero ere, institutura jo eta zerrendan sartzeko eskatu berehara", gaztigatu du Buenok. "Izan ere, zerrendan egonda oinarri bat duzu erreklamazio bat egiteko". 

Bestalde, elkartean kezkatuta daude. "Duela bi urte onartu zuen Espainiako Parlamentuak amiantoarekin lan egin eta gaixotutako biktimendako konpentsazio funtsa sortzea. Legea hiru hilabetetan garatu behar zuten, eta ez dute ezer egin", salatu dute. Horrek batez ere itxita dauden enpresetako langileek epaitegietan ibili gabe dirua lortzeko bidea emanen luke.