Altsasuko polizia etxeko agenteek lau pertsona atxilotu dituzte Altsasun droga trafikoagatik aurten, herritarrek egindako kexei eta eskaerei erantzunez. Foruzaingoak jakinarazi duenez, "osasunaren kontrako delituei buruzko ikerketek zaintza ugari egitea ekarri dute, herritarrek salatutako gertakariak egiazkoak diren egiaztatzeko; izan ere, tabernetako terraza batzuetan droga kontsumitu zutela egiaztatu zuten, eta bide publikoan droga trapitxeatzearekin bateragarriak diren mugimenduak atzeman" zituzten. Horren ondorioa izan da lau pertsona atxilotu eta epailearen esku uztea droga trafikoko delituak egotzita. Gaineratu dutenez, "duela gutxi, jaialdi batean, hamasei droga atzemate egin ziren", eta haien eramaileak edo kontsumitzaileak salatu zituzten .
Foruzaingotik adierazi dutenez, "poliziaren esku hartze horien helburua herritarren elkarbizitza eta lasaitasuna bermatzea da, Herritarren Segurtasunerako Legeak Segurtasun Indar eta Kidegoei esleitzen dizkien funtzioekin bat etorriz". Foru Poliziatik azaldu dutenez, "jarduera horiek eragin berezia izan dute adingabeak ibiltzen diren eremuetan, hala nola haurrentzako plaza edo parkeetan, eta, besteak beste, ostalaritzako establezimenduetan eta terrazetan egin dira ikuskapenak, bide publikoan estupefazienteak kontsumitzeagatik. Hori arau hauste larria da aipatutako Legearen arabera".
Foruzaingoak azaldu duenez, "uda iristearekin eta herritarrek kaleetan egoteko duten ordutegia handitzearekin batera, Foruzaingoaren polizia etxe periferikoek droga trafikoaren kontrako borrokarekin lotutako ekintzak indartu dituzte, horretarako zaintza eta prebentzio lana eginez".