Astekaria

"Hasierako sustoa kenduta, denok pozik bukatu genuen"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko uzt. 24a, 11:31

Javier Orce Fernandez Gurutze Gorriko langilea eta boluntarioa.

Langintza horretan estreinako sanferminak zituen Javier Orce Fernandez Gurutze Gorriko boluntarioak. Festen azkeneko egunean, entzierroaren aurretik, Sheylin umearen erditzearen laguntzaile eta lekukoa izan zen.

Gurutze Gorriko langilea izateaz aparte, boluntarioa ere bada altsasuarra. Joan zen urtean hasi zen. Hasieran logistika eta garraio kontutan aritu zen. Osasun Larrialdi teknikari ikasketak bukatu zituen duela bi hilabete eta ordutik teknikari gisa ari da lanean. 

Zergatik boluntario?
Osasun Larrialdien arloan oso garrantzitsua da esperientzia izatea. Lanaz aparte esperientzia gehiago zeureganatu badezakezu boluntario lana eginez, hobe. Azken finean, boluntario lanak prebentziokoak dira. Esaterako, Iruñeko entzierroan. Han egoteko izena eman behar duzu, baina, azken finean, zure ezagutzak probatu behar dituzu. 

Urte batean denetarik eginen zenuen, ez?
Bai. Gerta daiteke egun batean Tuteran zerbitzu bat egin behar izatea, eta hurrengoan Iruñean, edo Tafallan. 

Sanferminetan zein izan da zure egitekoa?
Nire lanaldiaz aparte, batez ere Errekoletak plazako osasun postuan egon naiz boluntario gisa, baita entzierroan eta zezen plazan ere. 

Estreinakoa?
Osasun Larrialdiko teknikari gisa aurrenekoak, bai. 

Nola bizi izan duzu? 
Bizitzeko modu desberdina da: festan zaude, baina, aldi berean, ez. Bitxia da, bizi duzun arte ezin da azaldu. 

Zuek festa gutxi, ez?
Hala da. Postuan sartzen zarenetik txanda bukatzen den arte ia gelditu gabe zabiltza. 

Azken egun berezia izan zenuten, ezta?
Zaintza bukatuta, mediku bat eta bi tekniko Errekoletak plazako postutik hilaren 14ko 06:00etan atera ginen. Gurutze Gorriak Leire kalean duen egoitzara anbulantzian gindoazen, anbulantzia utzi eta entzierroko prebentzio txandarako prestatzeko. Vianako Printzea eta Merinaldeak plazen artean geundela, auto bat aldamenean jarri eta eta gidariak keinuak egiten hasi zitzaigun. Gidari nindoan eta pentsatu nuen: bidea itxiko nion, jo dut, argiren bat hondatuta dut, atea zabalik edo halakoren bat. Medikuari leihatila jaisteko eta ea zer nahi zuen galdetzeko esan nion. 

Zer nahi zuen? 
Zera entzun nuen: "neskaren burua dagoeneko ateratzen ari da eta emaztea erditzear da. Kideak begiratu egin zidaten. 

Zer egin zenuen? 
Oraintxe San Martin doktorea anbulatoriora! Anbulantziako argiak piztu eta sirenak jarri nituen. Ahal zen bezala bidea zabaldu nuen. Minutu batean han geunden. Bikotearen autoak ate parean aparkatu zuen, anbulantzia ahal nuen moduan utzi nuen. Kideak autora joan ziren, nik erditzeetarako kit-a hartu eta medikuari eman nion. Eta anbulatoriora sartu nintzen, laguntza eske.  

Eta? 
Ez zen betarik izan. Emakumezkoa autoan bertan erditzen hasi zen, eta sei edo zazpi minututan erditu zen. Han geunden guztion artean lortu genuen. Ama eta jaioberria ongi zeudela ikusita, medikuek erabaki zuten han artatzen segitu beharrean egokiagoa zela ospitalera eramatea. Beraz, biak gure anbulantzian sartu eta Bideko Ama ospitalera eraman genituen. Aita, autoan, gure atzetik joan zen. 

Dena ongi? 
Dena oso azkar eta ongi atera zen. Halakorik ez duzu espero, eta oso ongi atera zen. Hasierako sustoa kenduta, denok pozik bukatu genuen. 

Estreinakoa?
Aurreneko aldia da, bai. Eta uste dut nire bi kideendako ere.  

Zer sentitzen da?
Profesionalki, oso polita da. Batez ere, ni bezalako "hasi berri" batendako. Ederra da ikustea hainbeste kosta zaizun prestakuntzak benetan funtzionatzen duela, baita gauzak prestatuta ez daudenean ere. Pertsonalki, oso atsegingarria da. Guztioi gustatzen zaigu ume baten jaiotza. Halako muturreko egoera batean ume bat jaiotzen lagundu badezakezu, gainera dena ongi ateratzea, oso ederra da. 

Ondoren zer egin zenuten? 
Egoitzara joan eta, ondoren, entzierrora. Lana halakoa da: txuritik beltzera edozein unetan pasatzen zara. Beti erne ibili beharra dago: badaude handiak diruditen gauzak, gero txikiak direnak, eta alderantziz. 

Miura etxeko entzierroan zentratzerik izan zenuten? 
Bai. Ospitaletik aterata, hunkituta eta uneko tentsioa genuen, baina beste egiteko bat genuen. Ezin duzu jendeari begira egon burua beste toki batean duzula. 

Hurrengo boluntario txanda noiz duzu? 
Oraindik ez dut. Sanferminen ondoren, guztiak ere nahiko itzalita gaude. Baina edozer ateratzen denean, aurre eginen diot. Bitartean lanean segituko dut.