Su-etenaren Aldeko Nafarroako Osasun Langileak, NASAFek, deituta, Altsasuko osasun etxearen parean kontzentrazioa egin zen atzo. Gogoratu zutenez, "Gazan eraildako eta zauritutako pertsonen zifra kopurua soilik gutxi gorabeherakoa da, Gazako osasun agintariek aurrekaririk gabeko zailtasunari aurre egin behar diotelako biktimen kontabilitatea egiteko". Nabarmendu zutenez, "ospitale gehienak suntsituta daude eta ez dira funtzionatzen ari, biztanleriaren gehiengoak ez du osasun zentro batera joateko aukerarik, Israelgo ejertzitoaren etengabeko blokeo eta bonbardaketengatik. Oraindik milaka biktima geratzen dira hondakinen pean, eta Israelek atxilotutako gazatarrak ere daude, horietako batzuk desagertuta daudenak".
Nabarmendu zutenez, gaur egun aipatzen diren 38.000 hildakoen kopurua benetakoa baino askoz ere txikiagoa izan daiteke: "Israelgo estatu genozidaren erasoengatik, zuzeneko edo zeharkako arrazoiengatik, eraildako gazatarren benetako kopurua 186.000 edo gehiago da". Hau da, bederatzi hilabetetan Israelek Gazako Zerrendako biztanleriaren %8 hil duela nabarmendu zuten Nasaf-ekoek. "Haietatik %70 emakumeak eta haurrak dira, UNICEFen arabera: erabateko infantizidioa". Gaineratu dutenez, Israelen erasoak jarraitzen badute, estimazioa da Gazako populazioaren laurdena, 575.000 pertsona, hilko direla. "Benetako holokaustoa", azpimarratu zuten Nasaf-ekoek.
Berehalako su etena eskatzearekin batera, Gazan osasun eragileak sartzeko baimena izatea eskatu zuten, baita herritar guztiek elikagaiak, ura, sendagaiak eta bizitzarako besteko baliabideak eskura izatea ere. Gaineratu zutenez, "Israel Giza Eskubideak eta Nazioarteko Eskubidea urratzen ari denez, bai Nafarroako bai Espainiako gobernuei maila guztietako harremanak haustea eskatzen diegu. Israel ezin da 'herrialde adiskidea' izan denbora gehiagoz". Nasaf-ekoek salatu zutenez, "inork ez du ezer egiten genozidio hau irmoki eta benetan geldiarazteko. Horregatik, guk sufritzen eta erresistitzen duen herriaren ondoan jarraituko dugu".