Uztailaren 22an Iruñerriko Itzuliko hirugarren etapa jokatu zen Undion, mendi gainez eta murruz jositakoa eta lasterketako etapa nagusia. Aurreikusi moduan, etapak ordura arte berdindua zegoen sailkapen orokorrean erabakigarria izan zen.
Hasieratik makina bat eraso izan ziren, saiakera etengabeak; Eñaut Urkaregiren (Tolosa / Danena) lidergoa kolokan jartzen saiatu ziren faborito guztiak. Azkeneko kilometroan Iker Gomezek (Quesos Albeniz) eta Hector Alvarezek (Lucta_Granja Rinya) ihes egin, eta biak batera iritsi ziren Undioko helmugara, eta esprintean altsasuarra gailendu zen (2:46:50). Atzerago iritsi zen tropela, tantaka, etapa gogorra izan baitzen. Alvarez bezperan bigarren postuan zegoenez eta biak denbora berean daudenez, lidergoa Alvarezek eskuratu du. Etapa irabazteaz gain, Iker Gomez erregulartasunean onena izan zen, eta lehen nafarra.
“Oso pozik nago, urte osoan geunden garaipen honen atzetik; hau izan da denboraldiko helburuetako bat. Espainiako Txapelketetan aritu eta gero, sasoian gaude, eta itzuli honetan gauza garrantzitsuak egiteko gogotsu. Talde lanak fruituak eman ditu” aitortu zuen Gomezek.
Sailkapen orokorrean, beraz, Hector Alvarez da liderra (8:19:10), eta Iker Gomez bigarren da, denbora berean. 11 segundora Ander Otegi (Ampo) dago sailkatuta. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ekain Imaz altsasuarra (Tolosa / Danena) 21. postuan dago, 3:15era; Mikel Viloria (Quesos Albeniz) 77., 27:29ra. Iker Gomez lehen nafarra da.
Lidergoa, jokoan
Gaur, uztailak 23, Iruñerriko laugarren eta azken etapa jokatuko da Iruñean. Etapa 17:00etan aterako da Iruñeko Santo Domingo auzotik eta 118,3 km ondoren Iruñeko Redineko Zaldi Zurian despedituko da, 19:53 aldera. Etapa gorabeheratsua da, Etxauri, Ziriza (2), Larraga, Corraliza Linte, Jugondo eta Artaxoa muruak eta Orendaingo gaina, bitan, gainditu beharko delako. Iruñerriko Itzulia dago jokoan, eta faboritoek, Alvarezek eta Gomezek bereziki, dena emango dute.