Txirrindulariak

Iker Gomezek ezin izan zuen Hector Alvarez gainditu

Guaixe 2024ko uzt. 24a, 10:35

Iker Gomez, lehen nafarraren saria jasotzen. UTZITAKOA

Altsasuarrak bigarren despeditu du Iruñerriko Itzulia, Benidormeko txapeldunaren denbora berean

Uztailaren 23an, junior mailako XXXVIII. Iruñerriko Itzuliko laugarren eta azken etapa jokatu zen, Iruñean. Benidormeko Hector Alvarez (Lucta-Granja Rinya) edo Altsasuko Iker Gomez (Quesos Albeniz), nor gailenduko zen zegoen jokoan. Biek sailkapen orokorrean denbora bera zuten, Alvarez lehen postuan, eta euren arteko norgehiagokak piztu zuen arreta. Eta sekulako ikuskizuna eskaini zuten.

Ibilbide gorabeheratsua zuen Iruñean hasi eta bukatu zen 113,3 km-ko etapak, murruz betetakoa. Erasoak bata bestearen atzetik gertatu ziren eta etapa oso mugitua izan zen hasieratik. Tropela hautsi egin zen, eta azkenean Adur Arrizabalagak (Ampo) irabazi zuen azken etapa (2:48:36). 33 segundotara bi faboritoak sartu ziren, Hector Alvarez Iker Gomezen aurretik, eta, hortaz, Iruñerriko Itzulia irabaztea lortu zuen Benidormeko txirrindulariak. Jakina, “oso-oso pozik” zegoen, joan zen urtean txapeldunorde izan zela kontuan hartuta eta arantza kenduta, are gehiago. Alvarezek aurten ere Gipuzkoako Itzulia irabazi zuen, Iker Gomezen aurretik, eta bi txirrindulariak juniorren Espainiako selekzioan taldekideak dira. “Selekzioan ere urte osoan aurrean egon gara, eta mundialean ere aurrean egoten saiatuko gara” azaldu zuen. 

Iker Gomezek sailkapen orokorrean bigarren postuarekin eta liderraren denbora berdinarekin konformatu behar izan zuen, eta horretaz gain, lehen nafarraren saria lortu zuen, hirugarren etapako garaipena eta laugarren etapako hirugarren postua ahaztu gabe. “Nahiko ongi” sentitu zela azaldu zuen, eta izandako errendimenduarekin “oso kontentu”. “Azken etapa gogorrena izan da, aurreko egunetako nekearekin gentorrelako eta oso azkarra izan delako”. 

Ekain Imaz altsasuarra laugarren nafarra izan zen, sailkapen orokorreko 30. postuan, 8:48ra. Taldeka, Ampo izan zen onena.