Aurtengo Altsasuko festetan ez dela herri bazkaririk izanen jakinarazi du hura antolatzen duen Altsasu Auzolanean Eraikiz herri ekimenak. "Ez dago jende edo koadrila nahikorik horrelako ekitaldi bat antolatzeko, muntatzeko, jatekoa prestatzeko, zerbitzatzeko, biltzeko, garbitzeko eta gauza bakoitza bere lekura bueltatzeko". Aitortu dutenez, “hemendik aurrera ere bidea ez da erraza izango". Horregatik, "dei egiten diegu herriko bizilagunei auzolanean ekintza kolektiboak egiten jarraitzea helburu izanen duen pertsonen bilaketa prozesu bat irekitzeko. Horrela, gizarte kapitalista honek jartzen digun indibidualismoa gainditzeko". Esan dutenez, "elkarrekin bazkaltzea guztion ahaleginaren eta konpromisoaren emaitza izanen da".
Altsasu Auzolanean Eraikiz herri ekimeneko kideek "auzolanean lan egiteko konpromiso irmoa" adierazi dute. Aldi berean, "daukagun herriko materiala kudeatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Baita ditugun mahaiak, bankuak eta sukaldeko tresneria gordetzeko udalak utziko digun lokala egokitzeko konpromisoa ere".
Aurrera begira
Azaldu dutenez, "urteak daramatzagu festetako ekitaldi jendetsuena antolatzen: 900 pertsonendako bazkaria. Urteetako ekintza horren ondorioz, 350 pertsona baino gehiagorendako mahaiak, eserlekuak, ontzi garbigailuak eta tresneria behar dituenaren eskura jarri dira herrian". Nabarmendu dutenez, "badakigu pertsona askok parte hartu dutela eta erre egin direla. Edo, besterik gabe, beraiendako denbora hartu dutela. Zuei gure aitortza sentituena". Gaineratu dutenez, "hemendik aurrera ere bidea ez da erraza izango".
Azaldu dutenez, "auzolanean, herri bazkarietan, mendi garbiketetan, material kolektiboaren kudeaketan, kontzertuetan, kirol probetan, kultur ekitaldietan eta abarretan egiten diren ekintza guztiak garrantzi politiko eta kolektibo handiko ekimenak dira, herri egiten gaituztenak, eta helburu komun batzuen pean batzen gaituztenak". Azkenik, Altsasu Auzolanean Eraikiz kolektiboak Altsasuko herriari dei egin dio "pertsonetan, kulturan, gure hizkuntzan eta ohituretan oinarritutzen den herri bat eraikitzen inplikatu dadin".