Zuzendaritza berriak jubilatu elkarteari bizia eman nahi dio

Guaixe 2024ko uzt. 31a, 09:20

Jendea jubilatu elkaretaren ondoan.

Elkartea adinduendako erakargarria bihurtzea nahi dute, jendeak elkartera joateko ohitura har dezan. Zuzendaritzaren helburua baita Altsasun "adineko biziak" izatea. Egoitza ahalik eta gehien txukundu eta modernizatu nahi dute ere

Altsasuko Jubilatu eta Pentsiodunen La Union elkarteko presidente berria da Alberto Guzman Sanchez apirilaren 20az geroztik. Elkarteak duen bigarrena, 2008tik martxora arte Emilio Boulandier Maiza izan zelako. Presidenteak azaldu duenez, "zuzendaritza talde berriko kideak aktiboak dira, beti zerbait egiteko desiratzen daude". Presidente berriaren ustez, "elkarteari mugimendu dezente eman behar zaio. Bultzada on bat behar du eta gaudenak horretarako prest gaude". 

Guzman eta zuzendaritzako beste zortzi kideak elkarteari martxa hartzen ari zaizkio oraindik. "Ez da hain erraza. Finantza arloan egunean jartzeko bi hilabete eman ditugu. Ez zegoen beste munduko ezer. Aurreko zuzendaritzak bere modura eramaten zuen. Orain dena informatizatuta dugu. Eta, esaterako, ordainketak egiteko beti presidentea eta diruzaina egon behar dugu". Gaineratu duenez, "egiten dugunaren berri ematen dugu. Zuzendaritzaren asmoa da hiru hilean behin bazkideei informazio hitzaldi bat ematea, egin denaren eta egin nahi denaren berri emateko. Aldi berean, jendea elkartera joateko gonbidapena ere eginen dugu". 

Gaur egun elkarteak gutxi gorabehera 430 eta 450 bazkide artean ditu. Bazkide kanpaina betean dago elkartea gaur egun. "Ederki doa, 60 bat bazkide berri egin dira. Ikusten dute jende gazteagoa gaudela, eta egiten ari garena ikusita konfiantza du". 

 

Egindakoak, egitekoak
Guzmanek jakinarazi duenez, "ate automatikoak jarri ditugu sarreran. Edozein sar daiteke, laguntzailerik eraman gabe, esaterako, gurpildun aulkian doazenak. Egoitza ahal dugun guztia modernizatu nahi dugu". Bestetik, elkarteak duen jarduera eskaintza zabaltzea pentsatzen ari dira zuzendaritzako kideak. Gaur egun, besteak beste, gimnasia, kognizio estimulazioa eskaintzen du klubak. "Eskaintza zabalduz, jendea joatea nahi dugu. Zeren antolatzen diren jardueretan jendeak parte hartzen du".  Azaldu duenez, "jarduerak adinekoendako ahalik eta merkeen izan daitezela saiatzen gara. Batekin eta bestearekin borrokatzen gara jende horrek eskaintza hori izan dezan. Parte hartzaile asko dago". 

Elkarteak Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoarekin duen elkarlana nabarmendu du Guzmanek. "Hitzaldiak ematen dituzte elkartean. Berriki artrosiari buruzkoa eman dute, profesional batek etxean artrosia nola hobe daitekeen azaldu zuen. Ehun eta pasa entzule izan ziren". Osasun etxearekin ere elkarlanean ari da elkartea. "Bi hitzaldi izan ditugu, eta jendea joaten da". Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin ere harremanetan da elkartea. 

San Joan bezperako afarian 108 bazkide elkartu zirela jakinarazi du. "Jendea pozik gelditu zen. Orain hondartzara joan nahi dute. Bada, Donostiarako egun pasako irteera antolatu diegu. Alde Zaharreko elkarte batean bazkalduko dute". Bidaien antolaketa elkarteak lortzen duen diruaren araberakoa da. Guzmanek argitu duenez, "pentsio txikiak dituzten pertsonak ezin dute txango bakar batera ere joan. Horretaz zuzendaritzan asko eztabaidatu dugu. Jende horrendako ere txangoak antolatu behar dira. Nahi duenak jatetxean bazkaldu dezala, baina bere bazkaria eraman nahi duenak aukera izan dezala txangora joateko".  

Egoitza 20 urte margotu gabe egon da eta hura txukundu nahi dute. Bestetik, "elkartean zerbait gertatuz gero ordu laurdenean han dagoen pertsona bat badugu ere”. Horrelakoengatik, presidenteak esan du “jendea ikusten ari da gauzak egiten ari garela". Azken finean, "adinekoen bizi kalitatea hobetu nahi dugu. Adinekoei dagokien moduko zerbitzua izan behar dute. Eta horretan aritzeak pozez betetzen gaitu".  

Zuzendaritzako kideek karpetetan arakatzen ikusi dute garai batean elkarteen arteko jarduerak egiten zirela. "Horrek ere beherakada handia izan du, Altsasun behintzat. Horrelakoek bazkideak erakartzen dituzte, eta guk bazkideak elkartera joatea nahi dugu. Gaur egun 150 bat bazkide izanen dira astean behin edo bitan joaten direnak, gainontzekoak ez dira sekula joaten. Geroz eta jende gehiago dago. Jendeak gauzak egiten ditugula ikustea nahi dugu. Erakargarria izan dadila eta ongi pasa dezatela. Adineko jendeak bizia izan behar dute". Guzmanen iritziz, "adinekoek bizi egin behar dute. Gaur egun adinekoak sofan eroso eseri eta telebista ikusi, besterik ez dute egiten. Eta egunetik egunera makurtuago, isilago eta amorratuta daude. Hori saihestu nahi dugu". 

 

Zuzendaritza berritzeko prozesuaz

Poteoan jubilatu egoitzara joaten zen Guzman eta "hura beheraka zihoala ikusten genuen. Boulandierren osasuna ez zen ona. Eta haren zuzendaritzako kide batzuk proposatu zidaten ardura hartzea. Esan nien lehenik Boulandier zegoela". Batzuek Boulandierrekin batera zuzendaritzatik joatekoak ziren eta beste batzuek segitu nahi zuten. Bitarte horretan presidentea hil zen. “Orduan zuzendaritzako batek esan zidan: edo zuk hartzen duzu edo hau pikutara doa. Zuzendaritzako lau kide zeunden baina inork ez zuen ardura hartu nah". Guzmanek nabarmendu duenez, "ona eta txarra kenduta, Boulandierren lanak oniritzia behar du. Hogei urtez presidente, izugarria da!"

Guzmanen iritziz, "Altsasuko adinekoez nahikoa ahaztu izan dira, beste tokietan ez bezala. Ez da nahikoa udalak festetan adinendako bazkari bat antolatzea. Dagoeneko ez doaz". Gaineratu duenez, "klubera dagoeneko ez zen inor joaten. Eta 20 urte zeramatzan klubak pintatu gabe". Hori ikusita, zuzendaritzatik kanpo zeuden pertsona batzuekin elkartu zen Guzman. "Klubean zegoen egoeraren berri eman nien eta lagunduko ote zidaten galdetu nien". Baiezkoak eta ezezkoak jaso zituen. Presidentearen heriotzaren ondoren lekukoa hartzeko erregutu zioten. Eskaera onartu egin zuen. La Union elkarteko jubilatu elkartearen zuzendaritza berritze prozesuaren inguruan iritzia ez ematea erabaki du Guzmanek. 

Beste hautagaitza batekoek jazotakoaren berri emanez ere esku-orriak zabaldu zituzten. Han jaso zutenez, elkarteko zuzendaritzako zazpi kideetatik lauk uko egin zioten karguari martxoan, tartean lehendakaria, lehendakari ordea diruzaina eta idazkaria. Horren jakitun hainbat ildotako altsasuarrak elkartu eta lau kideren proposamena aurkeztu zuten apirilaren 11n. Horien artean zeuden Juli Alvaro, Josu Unamuno eta Josean Donlo. Aldi berean, Guzmanek bera buru zuen hautagaitza aurkeztu zuen, baina beste kideen izenik eman gabe, beste hautagaitzakoek azaldu zutenez. 

Hori dela eta, bi zerrendatako kideak bilerara deitu zituzten. Aurrenekoek azaldu dutenez, "zerrenda bakar batean aurkezteko jarrerak batzen saiatu ginen, baina Guzmanek esan zuen ‘ideologikoki kontrakoak gara, beraz, ezin dugu elkarrekin joan eta batera joateko aukeraren aurka egin zuen". Hori ikusita, bileratik joatea erabaki zuten, jakinaraziz Guzmanen zerrenda inpugnatuko zutela bi arrazoirengatik: izen-abizenak ez emateagatik eta epez kanpo aurkezteagatik. 

 

Kexaren berri emanez notario errekerimendua aurkeztu zioten zuzendaritzari. Aurreneko zerrendakoek azaldu dutenez, "bozketa egunean zuzendaritzak epez kanpo aurkeztu ziren Guzmanen zerrendako kideak kendu zituen. Guk borondate ona adierazteko, inpugnazioa kendu genuen". Gaineratu dutenez, "estatutuen arabera hautagaitza osoak edo indibidualak aurkezteko epea zabaltzen da. Zerrenda oso bakarra aurkeztu zen. Beraz, ez zegoen zergatik botoa eman. Gure zerrenda eta boluntarioa (Guzman) onartu behar ziren zuzendaritza taldea osatzeko". Gaineratu dutenez, "boto ematea oso giro tirabiratsuan egin zen, aurretik lau hautagaien zerrendaren kontra pozoitua. Bozketa aurretik, bitartean, eta ondoren gure kontrako oihuak eta irainak izan ziren, klubeko etsaiak bagina bezala, eta klubeko partaideak izateko eskubidea ez bagenu bezala". Guzmanek 118 aldeko boto eskuratu zituen, 30 lau hautagaien zerrendak. Ohar bidez azaldu dutenez, Guzman onartua izan zen soilik, eta dimisioa eman ez zuten hiru bokalekin zuzendaritza berria osatu zuen. Ondoren, inpugnatutako zerrendan zeudenak eta beste pertsonaren bat ere zuzendaritzan sartu dira. "Horretarako, hautagaitzak aurkezteko epea egon beharko luke", adierazi dute lauko hautagaitzakoak. 

Lau kideko hautagaitzakoek bi abokaturekin kontsultatu dute gertatutakoa eta "biek zuzendaritza taldean egoteko eskubide osoa genuela esan ziguten". Haien iritziz, zuzendaritzak "elkarteko estatutuetan jasotakoa ez du bete eta ez dute zuzen jokatu". Horregatik, elkarteko zuzendaritzari "jarrera berriro kontsideratzeko eskatu genuen, alkatearen bitartekaritza eskatu genuen". Gauzak ez ziren aldatu. Hautagaitzako kideek azaldu dutenez, "gure asmoa ez da auzitan aritzera, baizik eta elkarlanean aritzea. Baina elkartearen eta herritarren aurrean argi utzi nahi dugu lau kideen kontra erabili diren metodo eta prozedurekin". Gaineratu dutenez, "adineko pertsonen alde lan egin nahi dugu. Altsasun 65 urte baino gehiago dituzten 2.000 pertsona inguru gaude eta guztiok herri osoari irekita egongo den erakunde bat merezi dugu, eta ez 'gettho' itxia, batzuek nahi duten moduan". Eta berretsi dute adineko altsasuar guztiek elkarteko partaide izateko eskubidea dutela.