Antzinako Egipton katuek jainkotar izaera zuten eta babesaren sinboloa ziren. Izan ere, felidoen familiakoak dira, lehoiak bezalaxe, eta haien parean jartzen zituzten; Ra egiptoarren jainko gorena lehoiaren irudiarekin irudikatzen zuten, beraz, katua jainkoaren parean jartzen zuten ere. Erdi Aroko Venecian jainkoaren parean ez, baina aristokraziako kide bezala jarri zuten katua: hiriaren salbatzaileak izan ziren, XIV. Mendean mendebaldetik iristen ziren itsasontziak merkataritzarako produktuak eramateaz gain, arratoiak ere eraman zituzten eta arratoiek peste izurritea eragin zuten.
Euskal Herrian ere baserri gehienetan, guztietan ez esateagatik, gutxienez katu bat zegoen. Katuak ehiztariak dira, eta horregatik hainbat zibilizazio eta gizarteetan ezinbestekoak izan dira herri, hiri eta etxeetan sagu, arratoi eta bestelako animaliez babestuta egoteko. Are gehiago, goserik ez badute ere ehiza egiten omen dute katuek; nahiz eta jokabide oso arraroa izan animali munduan.
Nafarroako Gobernuak Animalien Babeserako 19/2019 Foru Legea onartu zuen
Gaur egun, aldiz, katuek beste irudi bat dute eta herrietako kaleetan zaindu gabeko hainbat katu aurki daitezke. Altsasun badira hainbat boluntario katuen ongizateaz arduratzen direnak, eta Nafarroako Gobernuak ere 2019. urtean Animalien Babeserako Foru Legea 19/2019 onartu zuen. Hala ere, udalek ez dutela betetzen salatu dute Altsasuko boluntarioek eta Nueve vidas Beriain elkarteak. Legearen arabera udalen edo eskualdeen eginbeharra da askatasunean bizi diren katuen kontrola eta babesa, katu kolonien bidez. Horretarako, katuak hartu, esterilizatu, identifikatu eta askatu behar dituzte, eta identifikazioa udalaren izenean eginen da. Bestetik, koloniak sortzeko tokiak zehaztuko ditu udalak eta partikularren edo erakundeen laguntzarekin animalien zaintza eginen dute.
Ekainaren 26ko udal batzordean Altsasuko Udalak katuak hartzeko, esterilizatzeko eta katuen populazioaren kontrolerako bost kolonia sortzeko 17.025 euroko partida onartu zuen. Kaleko katuak zaintzeaz arduratzen diren boluntarioek eta Nueve vidas Beriain elkarteak haiekin harremanetan jarri ez izana salatu dute, eta udalarekin "bilera bat" eskatzen dute, "behintzat urratsak edo pautak zeintzuk izanen diren ezagutzeko".
Boluntarioak
"Egun batean txakurrarekin paseo bat ematen ari nintzen panifikadoraren zonalde horretan eta normalean txakur pentsua eramaten nuen momenturen batean behar banuen txakurrari emateko; halako batean katu bat atera zitzaidan eta miauka hasi zen. Neraman pentsua eman nion eta jan zuen. Aurrera jarraitu nuen eta beste katu bat atera zen, eta beste bat...". Katuak zaintzen dituen boluntario baten lekukotza da. "Etxera joan nintzen pentsu gehiago hartzera eta ordutik hasi nintzen katu pentsua erosten eta bide horretatik botatzen. Egon zen jendea denetarik esan zidana, iraintzen ninduten, ez zidaten janaria botatzen uzten; nik haiekin eztabaidatzen nuen, ez naizelako isiltzen". Legea onartu aurretik hasi zen boluntario hau katuei janaria ematen, "nik esaten nien udaletxera joateko eta kexatzeko". "Mundu horretan" hastean gauza oso latzak ikusi dituztela aipatu du: "pozoitutako katuak, katuak hezurretan... Oso gauza txarrak ikusi ditut".
Beste boluntario bat antzeko moduan hasi zen ere katuak zaintzen: "Etxera katu bat eraman genuen eta katuei eta animaliei kariñoa hartzen hasi ginen. Orduan, inguruan dauden katuak ikusten hasten zara eta zein egoeratan dauden ikusten duzu. Altsasun oso gaizki daude, oso egoera txarrean daude". Jana ematen hasi ziren. "Bi zonaldetan ematen dugu; bat oso ongi prestatu dugu guk egin dugulako, baina beste batean kontenedoreen azpian eman behar diegu janaria". "Penagarria" iruditzen zaie horrela ibili behar izatea. Haiek ere auzolagunekin arazoak izan dituzte: "Boluntarioak txandakatzen joaten gara, eta batzuk utzi dute ez dutelako auzolagunekin arazorik nahi".
Batzuk herriaren zonalde batetik beste batzuk beste alde batetik, kasu baten ondorioz elkartzen hasi ziren. Vicky Montesinos Nueve vidas Beriain elkarteko idazkariak azaldu du: "Altsasuko Udala, kasu honetan udaltzainak, hainbat elkarterekin harremanetan jarri ziren katu eme bat udaletxean zutelako eta bertan erditu zuen. Udaletxetik Nueve vidas Beriainekin harremanetan jarri ziren ni idazkaria naizelako eta Altsasun bizi izan naizelako. Ni boluntario batekin harremanetan jarri nintzen banekielako katuekin zebilela". Horrela hasi ziren pixkanaka elkartzen. "Udalarekin bildu genien eta egoera zein zen erakutsi ginen". Katuak "larrialdi" egoeran daudela azaldu zuten egoera horretan: "Ez bakarrik katu asko daudelako, baizik eta haien egoera osasungaitza delako. Esaten digute janaria ez emateko, baina ez badiegu janaria ematen kontainerretatik jaten dute eta janari hori usteltze egoeran egoten da eta ondorioz gaixotasunak hartzen dituzte, pertsonei pasa ditzaketenak".
Legea
Udalarekin izan zituzten lehenengo bilerak 2021. urtean izan ziren. Garai horretan 2019ko Animalien Babeserako Foru Legea onartu zela denbora gutxi pasa zen, bi urte, eta Montesinosi ulergarria egiten zaio haren inguruan ezer gutxi jakitea. "Baina dagoeneko bost urte pasa dira eta oraindik ez dago martxan. Udalek ezjakintasuna aipatzen dute; esaten dute ez dakitela lege hori existitzen denik. Nik instantzia pila bat bota ditut, albaitariarekin bilerak izan ditugu eta orain badirudi udalak aurrekontua onartu duela. Ea noiz jartzen den martxan". Urratsak eman arte katuen ongizaterako dirua boluntarioen poltsikotik ateratzen dela azaldu du Nueve vidas Beriain elkarteko kideak. "Udalak esaten du honetarako eta honetarako dirua dago, boluntarioek haien dirua eta denbora ematen jarraitzen dute". Momentu honetan legeak laguntzen dien norbait errieta botatzera joaten bada, "esan diezaioke hori egiteko udalaren baimena dutela".
Udalaren eginbeharra ere bada albaitariaren gastuak estaltzea. "Katu bat oso egoera txarren ikusten badute, albaitariarengana eraman dezakete eta zaintza batzuk izan ditzake. Betiere udalak albaitariaren aurrekontuak onartzen baditu, baina, noski, katuak agian ezin du itxoin". Kasu horretan, boluntarioen esanetan, "gerora ordaintzen badute ongi". Zenbait kasutan, gainera, ez dakite katuak aurrera egingo duten ere, "ahal dutena egiten dugu".
Besteak beste, katu koloniak sortzeko aurrekontua onartu du Altsasuko Udalak
Altsasuko Udalak batzordean onartutako 17.025 euroko aurrekontuan 12.000 euro albaitariaren zerbitzuak ordaintzeko izanen ziren, 1.000 euro inguru boluntarioen asegurua ordaintzeko eta 4.000 euro inguru koloniak sortzeko. "Kolonia bakoitzak aterpetxo bat behar du, haretoki bat, eta janarirako eta urarendako askak". Katuak harrapatzeko eta identifikatzeko beharko dituzten materialak gehitu behar dira ere.
Laguntza
Udalak katu koloniak sortzeko aurrekontua onartu zeneko albistea egunkari batean publikatu zen, eta horren ondoren "okerrago" daudela salatu dute boluntarioak. "Lehen hainbat elkarteren laguntza genuen, Nueve vidas Beriain, Katsfelina, Su quinta pata... Katuen egoera zabaltzen zuten eta adopzioekin laguntzen ziguten, baina aurrekontua onartu zenetik uste dute dagoeneko kubrituta gaudela, eta laguntza eskatzen dugunean esaten digute dagoeneko badela hemen horretaz arduratzen denik". Elkarteek udalak kargu hartu duela uste dute, "baina bakarrik partida bat onartu du. Batzordean aurrekontu bat onartu dute, baina ez dute ezer gehiago mugitu. Hasten diren arte urte bat pasa daiteke".
Zer egin behar da katu bat aurkitzean? "Udaletxera deitu. Udala arduratu behar da. Behar bada atean ere utzi. Legeak dio udalak hartu behar duela kargu. Udalak ikusten badu beste batzuk arduratzen ari direla, eskuak garbitzen ditu. Horregatik, udaletxera deitu behar da eta udaltzainek Maiteri deituko diote eta egoerak bidea hartuko du". Udalak kargu hartzen ez badu salaketa jarri behar dela esan du Montesinosek: "Esanez ez dakit nongo udalak ez duela legea betetzen. Denok egin beharko genuke, baina ez da egiten salaketa bat jartzea asko kostatzen delako". Sakanako zenbait udaletan egoera antzekoa edo okerragoa dela esan du Nueve vidas Beriain elkarteko idazkariak: "Animaliak ezin direla elikatu esaten dute, baina Espainia mailako animalien tratu txarren kontrako lege bat existitzen da, eta ez baduzu elikatzen, tratu txarrak dira". Beste udaletan animalia elikatuz gero bere jabea bihurtzen zarela diotela esan du, "baina Foru Legeak dio askatasunean bizi diren kaleko katuak udalarenak direla. Beraz, haiek mugitu beharko lituzkete kateak". Hildako katuak aurkituz gero ere udaletxera deitu behar dela azaldu dute.
Urratsak
"Guk momentuz ez dakigu ezer. Boluntarioak enteratu ginen udalaren aurrekontuaren onarpenaz Vickyk kontatu zigulako, eta Vicky enteratu zen Nerea Mazkiaran kazetariaren bitartez; berak esan zion udalak onartuko zuelako partida eta berarekin hitz egin nahi zuela". Uztailaren 3an boluntarioek alkatetzarekin eta udalarekin bilera bat egin nahi dutela eskatzeko idatzi zuten, "gure egoera azaldu nahi dugu, eta azaldu dezaten zer eginen duten eta zeintzuk diren emanen dituzten hurrengo urratsak". Mezua bidali zuten, baina astekari hau ixteko momentuan ez dute erantzunik jaso.
Ideia eta proposamen asko dituztela esan dute boluntarioek. "Adibidez, aurkitzen diren txakurrak izateko toki bat dago eta hor guk ere prestatu dezakegu katuak sartzeko toki bat, behintzat artatzen dituzte bitartean eta sendatu arte". Izan ere, gaur egun egoera txarrean dagoen katu bat aurkitzen dutenean "hemendik eta hortik galdetzen egon behar gara, ea nork duen bajeraren bat edo gelaren bat...". Gehienek katuak dituzte, eta beraz ezin izaten dituzte katu gehiago hartu. "Baina batzuetan eramanen genituzke denak". Boluntario bakoitzak "ahal duena" jartzen duela esan dute. "Batzuk askoz gehiago, beste batzuk gutxiago. Egia esan, ez dugu asko eskatzen... Katuak egon ahal izateko eta elikatu ahal izateko toki bat".
"Katuak hor daudenaren kultura dago oraindik. Ehizatzen dutenez esaten digute ea zertarako ematen diegun janaria. Baratzean asko badaude palarekin eman eta listo. Kultura hori oraindik badago". Horrelako komentarioei aurre egin behar izan dietela salatu dute boluntarioek. "Karga emozionala ere oso handia da. Horrelako komentarioei aurre egitea eta katuak egoera horretan ikustea... Asko ez dira sendatzen eta ezin dugu askoz gehiago egin...".
Zenbait elkartek boluntario bezala trebatzeko laguntza eskaini dietela esan dute, "ikastaroak egiteko esan digute; bestela, guk ez dakigu ezer. Ahal duguna egiten dugu, eta seguruenik gauza asko gaizki egingo ditugu". Momentu honetan inorena ez den lurrean sentitzen direla gaineratu dute boluntarioek.
Koloniak
Lizarran, Garesen edo Lekunberrin udalak katu koloniak eta legeak agintzen duena bete dutela azaldu du Montesinosek, "baina denbora behar da, eta batzuetan animaliek ez dute denbora hori". Irailean albaitariarekin eta alkatearekin bilera egin zuten udazkenean CER metodoa egin ahal izateko, katuak harrapatu eta esterilizatu, "momentu horretan egingarria delako umealdirik ez daudelako", baina egin ez zenez momentu honetan "ezin ditugu katuak hartu ama bat izan daitekeelako". Katu asko daudela esan dute; "arazoa hori da". Boluntarioei galdetuta 70 katuen zentsua egin dute, "baina askoz gehiago daude. Hirurehun bat izan daitezke. Altsasu oso handia da, baratza zonalde asko ditu...", azaldu du Montesinosek.
Katuak zaintzen dituzten boluntarioek udalarekin bilera bat nahi dute
Momentuz, boluntarioek eskatzen duten gauza bakarra udalarekin bilera bat da, "informazioa jasotzeko eta urratsak zeintzuk izango diren zehazteko. Esateko: lehenengo gauza katuak hartzea da. Ongi, bada goazen egitera". Informazio behar dutela esan dute. "Pauta batzuk markatzeko eta egiten joateko". Aurrekontua onartu aurretik ez dietela informatu kexatu dira boluntarioak, "badago jende asko honen atzean, eta ez zaizkigu informatu. Pozten gaitu partida onartzea, hobe berandu inoiz baino, baina informazioa behar da. Egunkariari esker enteratu gara. Baldin badago jendea mugitzen ari dena, gutxienez informatu".
"Badago jendea esaten duena: falta zena, dirua katuendako gastatzea. Diru hori ez da beste inondik kenduko; partida berri bat da. Errepideak konpontzeko dirua egoten jarraituko du, ez dute beste toki batetik kenduko katuei emateko". Horrelako mezuak ere entzun behar izan dituztela salatu dute boluntarioek. Haiek katuak laguntzen jarraituko dute, "udalak hori behintzat badu, lan egiteko prest dagoen jendea".
Kalean aurkitzen dituzten hainbat katu adopzioan jartzen dituzte 681 25 83 54 telefonoan Whatsapp bidez.