Uztailaren 29an, astelehena, akziodunen junta orokorra egin zuen Sunsundeguik. Bertan, enpresako administrazio kontseilu berriak egoeraren berri eman zuen. Duela lau hilabete enpresako administrazio kontseilu berria martxan jarri zenetik, autobusen produkzioaren erritmoa hobetu egin dela adierazi dute, aurretik produkzio katean omen zegoen kolapsoa libratu dute, eskariak dituzte, baina enpresaren finantza egoera “oso delikatua” omen da.
Halaber, Volvo bezero nagusiarekin harremanak jarraitzen duela berretsi zuen administrazio kontseilu berriak. Volvoren azken belaunaldiko autobusak karrozatzeari uko egin zion Sunsundeguik, baina suediarren beste modelo batzuk karrozatzen segituko du.
Bi hilabeteak, gakoak
Finantza egoera hobetzeko bidean, Sunsundeguiko administrazio kontseilu berriak bankuekin negoziatu beharko du, eta Nafarroako Gobernuarekin eta Volvo bezero nagusiarekin kontaktuan egon beharko du. Datozen bi hilabeteak, abuztua eta iraila, “gakoak” izango direla nabarmendu dute.
CCOO-ek Nafarroako Gobernuak eta Sodenak Sunsundeguin egindako "kudeaketa oso txarra" kritikatu zuen. Hori dela eta, "diru publikoarekin" enpresan zer gertatzen ari den ikertzeko eskatu zioten gobernuari. Aldiz, Sunsundeguiko enpresa batzordean gehiengoa duten hiru sindikatuek, UGT-k, LAB-ek eta ELA-k, “ez dela zalantzak sortzeko unea, eta administrazio kontseilu berriak enpresaren joera aldatzeko konfiantza tarte bat behar duela” azaldu zuten.