Ibil bedi Iruberriko, Erriberriko, Zangozako eta Iruñeko bost gaztek osatzen dute. Duela bost urte inguru Berandu Baina Garaiz lehenengo diskoa argitaratu zuten eta 2021. urtean Beltxarga Beltza diskoa kaleratu zuen, konfinamenduan zehar sortutako hamaika abestirekin. Goldea kaleratu duten azken diskoa da; hamar abestik osatzen dute, eta taldearen estiloari eman diotela esan zuten Euskalerria irratian egindako elkarrizketa batean. "Goldeak lurra iraultzen du, aurreko landaketatik geratzen den guztia erauzten baitu, berria eman dezan". Diskoarekin batera taldeak 80 minutuko ikuskizuna sortu dute, eta irailaren 6an, ostirala, 21:00etan, Altsasuko Foru plazan kontzertua emanen du, Nafarroako Gobernuaren Kultur 2024 programaren barruan. Emanaldiak festen aurreko ekimenekin bat egiten du ere.
Ekainaren 21etik irailaren 28ra Nafarroako hainbat leku bisitatzea proposatzen du Kultur programak. Tartean Etxarri Aranatzera eta Altsasura etorriko dira Nafarroako Gobernuak udarako sustatutako programaren emanaldiak; uztailaren 26an The Traveners taldeak kontzertua eman zuen Etxarri Aranatzen.