Sorterrira etortzen denean egunerokotasunaren gauzatxoekin disfrutatzen du Izaskun Marin altsasuarrak. "Ahal duen guztietan" itzultzen dela esan du. Duela hiru urte, 2021eko urtarrilean, iritsi zen Siziliara eta ordutik irlaren hegoaldean dagoen Modica hirian bizi da. Modica Gizadiaren Ondarea izendatu zuten eta txokolatearengatik da ezaguna, Marinek azaldu duenez. Siziliara joan aurretik zazpi urtez Manchesterren, Ingalaterran, bizitzen egon zen eta Siziliara lekualdatu zen pandemiaren garaian bikotekideari eta berari ere bertan lan aukera bat sortu zitzaielako.
Altsasu, sorterria, eta Modica, bizitokia, alderatuz gero bi desberdintasun nagusi nabarmendu ditu Marinek: "Nik ikusten ditudan desberdintasunik handienak dira, gehienbat, klima eta gastronomia". Sizilian "egunero" pasta jaten dutela gaineratu du altsasuarrak.
"Nik ikusten dudan desberdintasun handiena klima eta gastronomia da"
Sorterrira aukera duen bakoitzean itzultzen da Marin: "Altsasura etortzeko datak aukeratu behar ditudanean saiatzen naiz festaren bat edo egun bereziren bat izatea". Normalean aste baterako edo, gehienez, bi asterako etortzen da. "Orain amatasun bajan nago eta gehiagotan etortzen ari naiz, batez ere, egun gehiago gelditzen ari naiz". Lehen bakarrik etortzen zen eta "salbuespenezko kasuren batean" bikotekidearekin etortzen zela esan du; "baina orain amatxo naizenez beti lagunduta etortzen naiz".
Altsasura iristen denean egiten duen lehenengo gauza gurasoak eta ahizpa agurtzea da; "jarraian pote bat hartzera joaten naiz, gilda bat, eta lagunak ikustera". Arkangoako kaletik poteatzera ateratzen denean "inoiz joan izan ez banintz bezala" sentitzen dela esan du Marinek. Altsasun dagoenean ere San Pedrora paseatzera joatea gustatzen zaio, gosaltzera ateratzea, bere ama eroketak egitera laguntzea eta poteatzea: "Eguneroko gauza txikiekin disfrutatzen dut gehien, gehienbat herriarekin eta bertakoekin harremana izatea gustatzen zait".
Etortzen den bakoitzean plan asko prestatzen dituela esan du Marinek: "Buruan milaka planekin etortzen naiz, hilabete bat geldituko banintz bezala". Horregatik egiteko gauza asko gelditzen zaizkiola esan du, besteak beste, senideak bisitatu, "bazkariren edo afariren bat egin...".
Modicara itzultzen denean maletan ukiezinak diren baina ezinbestekoak diren gauzak eramaten ditu: euriaren usaina eta mendien irudia.
Udaren hasieran, ekainean, Marin egun batzuk pasatzera etorri zen Altsasura, eta laster itzultzea aurreikusi du: "Iraileko festetarako itzuliko gara; besteak beste, haurraren zapitxoa hartu behar dugu".