Festetan plazan dantzatzeko ikastaroa

Guaixe 2024ko ira. 2a, 10:37

Irailaren 2tik 5era eta 9an eta 10ean, Etorkizuna Dantza Taldeak Altsasuko festen aurreko dantza ikastaroa antolatu du. Irailaren 8an, igandena, plazara dantzatzera ateratzeko deia egin dute.

Altsasuko festetan plazara dantzatzera atera nahi dutenendako eta euskal dantzak ikasi nahi dituztenendako dantza ikastaro azkarra antolatu du Etorkizuna Dantza Taldeak. Irailaren 2an, 3an, 4an, 5ean, 9an eta 10ean, astelehenetik ostegunera eta astelehen eta asteartean, hurrenez hurren, 20:00etatik 21:00etara, Intxostiapuntan, izanen dira dantzak irakasten. Irailaren 5ean, osteguna, saioa 18:00etan eginen dute, sare sozialetan jakinarazi dutenez, "gero ZtandaP binakako bakarrizketa emanaldira joateako". Gainera, ikastaroen artean, irailaren 8an, igandea, 19:00etan, plaza dantza emanaldia antolatu dute, Foru plazan.

Altsasuko festetan egunero, 21:15ean inguru herriko zortzikoa eta Larran dantzak dantzatzen dira, eta Jai Batzordeak antolatuta irailaren 13an, ostirala, eguerdian jauziak eta dantza plazan dantzatzeko aukera izanen da ere Jai Batzordearen txoznan.