Abian da Altsasuko Pilotajauku klubak eta Altsasu Kirol Elkarteak elkarlanean antolatutako 53. Otadiko Kristo Deuna Torneoa, afizionatuen mailako pilota txapelketa beterano bezain ezaguna. Torneoak bi finalerdi izango ditu eta lehena abuztuaren 31n jokatu zen, Burunda pilotalekuan.
Jaialdiari hasiera emateko, lehenik eta behin Pilotajaukuko infantilen mailako partidak jokatu ziren. Azkonak eta Beramendik 18-16 hartu zituzten mendean E. San Roman eta Reparaz, partida bizi eta lehiatuan.
Promesen mailan, lau eta erdian lehiatu ziren Ibarluzea gipuzkoarra eta Ramirez bizkaitarra. Ibarluzeak ez zuen gupidarik izan eta 22-11 irabazi zion Ramirezi, 36 minutu iraun zituen partidan bi pilotariek 165 pilotakada gurutzatu ondoren. Ibarluzeak 5 tanto egin zituen sakez, Ramirezek 2, eta gipuzkoarra gailendu zen jokoan.
Azkenik, eliteen mailako binakako partida ederra eskaini zuten Gutierrez (Errioxa)-Landak (Gipuzkoa) eta Igoa (Nafarroa)-Santestebanek (Nafarroa). Josu Igoa Lopez de Agileta da eliteen mailan dugun ordezkari sakandar bakarra, eta etxarriarrak ez zuen huts egin. Sakez 2 tanto lortu zituen Gutierrezen bakarraren aurrean, eta erasokorrago eta finago aritu zen. 42 minutu iraun zuen partidan 324 pilotakada gurutzatu zituzten lau pilotariek, eta, azkenean, Igoa eta Irurtzun klubeko Santesteban gailendu ziren, 14-22, eta irailaren 14an Altsasun jokatuko den final handirako sailkatu ziren.
Bigarren finalerdia
Bigarren finalerdia irailaren 7an jokatuko da, 21:30ean, Burunda pilotalekuan. Pilotajaukuko infantilen mailan Arguelles-A. San Romanek Carabias eta Rios izango dituzte aurkari. Promesen lau eta erdian, Murua (Gipuzkoa) eta Sarasibar (Nafarroa) lehiatuko dira. Azkenik, eliteen binakakoan Fernandezek (Errioxa) eta Sotilek (Nafarroa) Apezetxea eta Azpeztegia nafarren kontra jokatuko dute.