Poliziaren desnormalizazioaren alde egin du Ospa!-k

Guaixe 2024ko ira. 9a, 11:00

Ospa eguneko manifestazioa abiatzen. @ANTIFAXISMOA

Aurreko urtean Ospa Eguna antolatu ez zuten arren, "kolektiboa ez da lan politikorik egin gabe mantendu". Hausnarketa urtea izan dela esan zuten.

Ospa! herri mugimenduak Poliziaren normalizaziorik ez! lelopean antolatu zuen Ospa Eguna. Egitaraua mahai-inguru batekin abiatu zuen. Ospa!-ko, Fan Hemendik eta Pikutara-ko kide banak poliziaren normalizazioaren gorakada gai hartuta hizketatu ziren. Estalpean egindako bazkariaren ondoren poliziak herri mugimenduetan egindako infiltrazioen kasuen inguruan aritu zen Moratalazko (Madril) Distrito 14ko kide ohi bat. Ospa Eguna manifestazio batekin despeditu zen. 

Mobilizazioaren akaberan Ospa!-ko kideek krisia izan zuten hizpide: "edonork esan lezake testuinguru aproposa dela mobilizatzeko, sistema beraren irrazionaltasuna eta basakeria seinalatzeko edota gero eta kapa zabalagoetan zabaltzen ari den atxikimendu falta politikoki antolatzeko". Horrelakorik ez gertatzeko arrazoia lirateke: "estatu burgesen basailu diren komunikabideek betetzen duten funtzioa, Estatuaren politika autoritarioak eta gizartean normalizatuta dauden polizia indarrak eta horiek egunero egiten dituzten gehiegikeriak". 


Entzuleak arratsaldeko hizlaria entzuten. ISUNEN KONTRAKO TALDEA

Helburua
Ospa!-ko kideek "edozein koloretakoak izanda, polizia indar guztiek betetzen duten funtzioa seinalatu" nahi dute. Polizia indarrei egozten diete "krisi eta ezegonkortasun garaietan estatus quoa mantentzea". Horretarako erabiltzen dituzten tresnak ere zerrendatu zituzten: "antolakunde politikoen kontrako isun itogarriak, Altsasu auzia bezalako polizia muntaiak, torturak, Indar Gorri bezalako antolakundeen kontrako sarekada politikoak, kontrol itogarriak eta abar". Herri ekimeneko kideek iritziz, "estatu burgesa oso kontziente da polizia indarrak beharrezkoak direla eta, horregatik, hainen bizi eta lan baldintzak hobetzen jarraitzen du". 

Aipatutakoak kontu berriak ez direla jakinik ere, Ospa!-koendako "kezkagarriena" da "polizia indarrak eta haiek egunerokoan aurrera eramaten dituzten basakerien normalizazioa". Izan ere, "gero eta ohikoagoa da gure gertuko inguruan foruzain edo ertzain izateko hautagaien presentzia, oso problematikoa dena alternatiba politiko baten norabidean borrokatzeko". Horregatik guztiagatik, Ospa!-ren "eginkizuna da polizia indarren kontra borrokatzea arlo guztietan: haien eginkizunak goraipatzen dituzten komunikabideak kritikatzea, poliziaren kontra manifestatzea eta antolatzea eta, batez ere, polizia indarrak normalizatzen dituzten politikako agente guztiak seinalatzea, auzia polizia eredura mugatzen dutelako, polizia indar guztiek per se betetzen dituzten funtzioak borrokatu gabe".