Udalak merezimendu lehiaketa bidez hamar lanpostu bete ditu

Guaixe 2024ko ira. 13a, 11:12

Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean egin ditu izendapenak.

Hutsik zeuden hamar lanpostu betetzeko deialdia egin zuen Altsasuko Udalak 2022ko azaroaren 21ean. Merezimendu lehiaketa egin ondoren, kalifikazio epaimahaiaren ebazpena bere egin ditu udalak eta hamar lanpostuak eman ditu. Batetik, Jose Angel Arregi Uribe Altsasuko Udalaren zerbitzura ariko da, mandatariaren lanpostuan, lan kontratudun finkoa da, lanaldi osoan euskarazko B1 mailarekin. Bestetik,  Amaia San Miguel Andonegi funtzionario izendatu du. Bera administrari ofizialaren lanpostuan ariko da, C mailako lanpostuan eta lanaldi osoan eta euskarazko C1 mailarekin. Arkitekto teknikoaren lanpostua Maite Zelaia Irigoienek beteko du. Funtzionario izendatu dute, B mailako lanpostuan ariko da lanaldi osoan euskarazko C1 mailarekin. 

Altsasuko Udalaren zerbitzuko ludotekariaren lanposturako Josefa Markinez Arakama izendatu du. Lan kontratudun finkoa da, C mailakoa, lanaldi osoan ariko da eta euskarazko C1 maila du. Bestalde, Txirinbulo haur eskolan aritzeko lau haur hezitzaile izendatu ditu udalak:  Aintzane Martin Diaz de Otazu, Maite Larrea Saez de Muniain, Leticia Cantero Gabieiro eta Noelia Martin Romero. Lan kontratudun finko izendatu ditu udalak, lanaldi aldakorrarekin eta euskarazko C1 mailako ezagutzarekin. 

Altsasuko Udalak erabaki du funtzionario izendatzea Felix Benjumea Motino, udal arduradunaren lanpostuan aritzeko. C mailako lanpostua du, lanaldi osokoa eta euskarazko B2 maila ezagutza duena. Azkenik, Iñaki Ruiz de Alegria Uribe ere funtzionario izendatu du. Eskola publikoko etxezainaren lanpostua beteko du. D mailako lanpostua da, lanaldi osokoa eta euskarazko B1 maila duena.