Pentsio duinen aldeko mobilizazioak bueltan dira

Guaixe 2024ko ira. 9a, 09:29

Pentsio duinen aldeko aldarrikapena berriro ere kalean da. Altsasun astelehen eguerdietan egiten dituzte kontzentrazioak.

Astelehenetako kontzentrazioez aparte, Altsasun manifestazioa deitu dute hilaren 28rako.

Sei urte eta erdi bete dira pentsiodunen mugimenduak bere eskaerak plazaratu zituela. Oporren bueltan Euskal Herriko 80 herritan baino gehiagotan astelehenetako kontzentrazioak egiten hasi dira aste honetan. Mugimendutik adierazi dutenez, "pentsiodunen beharrak areagotu egiten dira hilabeteak pasa ahala. Gutxieneko pentsioak gero eta urriagoak dira, eta estatuko gobernuak ez du ezer egiten 1.080 eurotan jartzeko". Hego Euskal Herriko gobernuei ere erreparatu die mugimenduak: "ez dituzte beharrezko erabakiak hartzen bertako pentsiodunen diru sarrerak kopuru horretara arte osatzeko". Gaineratu dutenez, "genero arrakala konpondu gabe dago oraindik, eta murrizketen erreformek pentsioak gutxitzen eta erretiro adina handitzen segitzen dute". 

Lastailaren lehena Adinekoen Nazioarteko Eguna da. Hori kontuan izanik, Sakanako Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa deitu dute hilaren 28rako.