Heldu den asteazkenean hasiko dira Altsasuko festak. EH Bilduk etxajua pizteko "ohorea" bi taldeetako ordezkariri eman die. Alde batetik Amaia Urkijo eta Iosu Imaz, Altsasu 1936 liburuaren egileak. Eta, bestetik, Dina Karrat, Yala Nafarroa Palestinarekin taldeko kidea. Juanjo Goikoetxea San Roman zinegotziak azaldu duenez, idazleek "Altsasuko Historia berreskuratzen eta memoria kolektiboa zaintzen egindako lan handia aitortu nahi dugu. 1936ko altxamendu faxistaren ondoren gure herrian gertaturikoa bildu izanak lagundu egiten dio gure herriari orduko faxismoaren biktimen oroimena bizirik mantentzen". Beste taldearen bidez, berriz, "elkartasun osoa helarazi nahi dugu Altsasutik, faxismoaren biktima izan den eta den Palestinako herriari".
Mezuak
Bi taldeetako ordezkariak esker ona azaldu dute. Urkijok eta Imazek nabarmendu dutenez, "Altsasuk ongi daki zer dakarren gerra batek. Liburuaren bidez errepresioa sufritu zuten guztiak oroitu eta ahotsa eman nahi izan diegu. Urtetan isildutako ahotsa izan gara, eta pairatu behar izan zuten errepresio frankistaren egia kontatu dugu". Biek gaineratu dutenez, "gure iragana ezagutuz, gaur ulertu eta elkartasuna adierazi diezaiekegu gaur egun izugarrikeria bera bizi dutenei". Palestina gogoan izanik, "lagundu, babestu eta errepresio horren kontra borrokatzeak herri eta norbanako gisa ohoratzen gaitu". Palestinari elkartasuna adierazi eta esan dutenez, "gure herrietako errepresaliatu guztiak Altsasuko txupinazoan presente egonen dira".
Karratek azaldu duenez, udan "ehunka herri eta auzotan jendeak bat egin du bidezko kausekiko elkartasuna eta konpromisoa adierazteko". Gogoratu du Palestinaren kontrako "zigor kolektiboak eta garbiketa etnikoak aurrera jarraitzen duela. Gure garaiko genozidio basati eta krudelenetako baten lekuko izaten ari gara. 41.000 palestinar baino gehiago hil dituzte. Bizitza horietako bakoitza baliotsua da, galdutako istorio bakoitza berreskuraezina da".
Azaldu duenez, "Historiaren une erabakigarri batean gaude. Aukera kolektibo bati egin behar diogu aurre: alde ilunera bueltatu edo etorkizuna defendatzeko pauso bat aurrera egin. Gizateria puntu erabakigarrian dago". Hunkitu egin zen ikustean "Altsasun errepresio faxista jasan duten pertsona eta kolektiboak palestinar herria laguntzen dute". Karratek eskaera egin zuen: "Palestinari buruz hitz egin behar dugu. Nahiz eta batzuetan hitzak falta zaizkigun han gertatzen denaren izugarrikeria deskribatzeko. Palestinaren arnasa, ahotsa eta itxaropena gara".
Palestinan Israel egiten ari den genozidioak urtebete eginen du lastailaren 7an eta Yala Nafarroa Palestinarekin ordurako mobilizazio handia prestatzen ari da.