Sakandar gehiagok euskara jakiteko

Guaixe 2024ko ira. 11a, 09:00

Kanpainako irudietako bat. UTZITAKOA

Horretarako, hizkuntza ikasteko, orain da garaia. Euskaltegietan izena emateko epea zabaldu da. Gainera, administrazio publikoek gero eta dirulaguntza gehiago ematen dute. Horrela euskara ikasten dutenei erraztasunak eman nahi dizkiete.

Euskara ikasi nahi duenak orain du garaia. Eta euskaldunok orain dugu garaia inguruan dauden erdaldunak euskara ikastera animatzeko. Izan ere, euskaltegiek matrikulazio kanpaina zabaldu dute. Eta matrikulatzera animatzeko Nafarroako 35 toki erakundek, Sakanako Mankomunitatea barne, eta Nafarroako Gobernuak Euskera ahora kanpaina abiarazi dute. 

Haren aurkezpenean Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak nabarmendu zuenez, "kanpainaren helburua Nafarroako biztanle gehienak ukitzea da: hala euskara inoiz ikasi ez dutenak, nola noizbait zertxobait ikasi dutenak; hala Nafarroan sortuak, nola beste erkidego batean nahiz atzerrian sortuak baina Nafarroara etorri direnak. Herritar guztiak euskarara hurbiltzera animatu nahi ditugu".

Horretarako, aurten, kanpainak euskara jakiteak eskaintzen dituen bizipen berriak eta ematen dituen aukerak azpimarratu ditu. Mezuak: "Ez galdu une hau. Ez galdu aukera hau" euskaraz bizi daitezkeen lau egoerari lotuta agertzen dira. "Kanpainak, herritar guztiei zuzenduta badago ere, gazteengan jartzen du arreta, eta karteletan egoera aberasgarriak edo euskarari esker zabaltzen diren aukerak erakusten dira: seme-alaba txikiekiko harremana, lagun berriak, lan-aukerak, euskarazko kultura-eskaintza zabalaz gozatzea, eta abar".

Toki erakundeek
Antsoaingo alkate Marta Diezek adierazi zuen toki erakundeek koordinatuta lan egiten dutela euskararen erabilera normalizatzeko eta sustatzeko. Normalizazio horren helburu estrategikoetako bat da, hain zuzen ere, euskaraz dakiten nafarrak gero eta gehiago izatea, eta horretarako, helduek euskaraz ikastea sustatzea. Diezek gogorarazi zuen udaletako euskara zerbitzuek elaide.eus webgunea dutela, bai euskara ikasten ari direnendako eta hobeki ezagutu nahi dutenendako, bai hizkuntza horretan bizi nahi dutenendako. Bertan, prozesu horietan sartuta dauden pertsona guztientzat erabilgarriak diren baliabideak eta informazioa eskaintzen dira.

Azkenik, 35 toki-entitateen izenean, herritar guztiak "euskaltegian euskara ikasteko abentura bizitzera” gonbidatu ditu, “euskara ikastea bizitasun handiko sentsazio, emozio eta esperientziez beteta dagoen zerbait baita, gozatzea, haztea eta partekatzea ahalbidetzen diguna".

Euskaltegiek
Euskara irakasteko gizarte-ekimeneko ikastetxeen izenean, Aitziber Garralda IKAko irakasleak azpimarratu zuenez, "ikasturte berri bati ekin nahi diogu. Azken urteotako joerak, gainera, biziki animatzen gaitu, Nafarroa osoan jende gehiago hurbiltzen ari baita euskaltegietara".

Orobat, gogorarazi nahi izan du euskaltegiek bost hamarkada daramatzatela Nafarroan euskara irakasten, euskarazko hiztunak sortzen, nafarrak euskaraz bizi daitezen bultzatzen eta euskarazko kultura zabaltzen.

Informazioa
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak dagoen eskaintza eta dirulaguntzari buruzko informazioa emanen dio interesa duenari. Horretarako, 948 464 840 telefono zenbakira hots egin dezakete. 

Bestela, bi webgunetan ere badago informazioa: euskaraikasi.nafarroa.eus / aprendeeuskera.navarra.es. Bertan, Nafarroan euskara ikasteko ikastegi publikoei eta gizarte ekimeneko euskaltegiei buruzko informazio osoa, bai eta ikaskuntzarako laguntzak eta laguntza horiek eskaintzen dituzten herrien zerrenda ere agertzen da. Halaber, elaide.eus webguneak euskara ikasteko informazioa eta baliabideak eskaintzen ditu. Bestetik, irailean, 012 telefono bidezko arreta zerbitzuak eskaintzari eta laguntza horiei buruzko informazioa emango du, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 19:00etara.