Altsasuko Udaleko Berdintasun Batzordeak herriko festetan emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta aurre egiteko kanpaina diseinatu eta adostu du. Kanpaina horren baitan, besteak beste, bost jarduera eginen dira. Alde batetik, kanpainak Zure ardura da leloa du. Lelo hori duten kartelak herrian barna jarriko dira. Tabernetan jartzeko pegatinak eta esku gorriaren irudiaren pinak ere banatuko ditu udalak. Indarkeria sexistako kasurik izanez gero jarraitu beharreko protokoloaren eskema taberna eta txosna guztietan banatuko du udalak, ikusgai jartzeko.
Horrekin batera, indarkeria kasuei aurre egiteko jarraibideak banatuko dizkiete tabernariei eta txosnetako eragileei. Kanpainaren baitan udalak indarkeria sexistaren kontrako mezuekin olanak jarriko ditu festetako hainbat toki nabarmenetan. Eta, azkenik, indarkeria sexistaren prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzeko informazio gunea jarriko du udalak. Irailaren 12an izanen da, 20:00etatik 01:00era, Gure Etxea eraikinean, Emagin elkarteko kideen ardurapean egonen da.
Gainera, udalak festetan eraso sexistak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko protokoloa eguneratu du; altsasu.eus webgunean kontsultatu daiteke. Haren, udalak festetako eraso sexisten aurkako mahaiaren egin zuen ostegunean. Bilera horretan udal ordezkari politikoez aparte, Altsasuko Mugimendu Feministako eta festetako eragileetako ordezkariek ere parte hartuko zuten.
Baliabideak
Indarkeria kasuen aurrean, festetan emakumeen eskura dauden zerbitzu eta baliabideen telefonoak zabaldu ditu udalak. Larrialdietarako telefonoa (24 orduz) 112 da. Sexu indarkerien Arreta Integraleko Zentroaren telefonoa (24 orduz) 848 463 999 da. Altsasuko Udalaren Berdintasun Arloarena (24 orduz) 628 328 593 da. Altsasu, Olazti eta Ziordiko oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatearekin harremanetan jartzeko (goizez): 608 272 956 telefonora deitu. Eta Udaltzaingoak (goiz eta arratsaldez) 629 202 414 telefono zenbakian erantzungo du.