Astekaria

"Herri osotik pasatzea da peñaren oinarri bat"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko ira. 10a, 13:30

Kalez Kale peñako kideak Elutxa Txarangarekin, 2023ko Altsasuko festetan. UTZITAKOA

Duela hamar urte sortu zuten Kalez Kale peña Altsasuko festetan. Aurten, besteak beste, ereserkia mustuko dute, Elutxa txarangak sortutako doinuarekin eta Cruz Mari Martinezen letrarekin.

Alkandora urdina daramate.

1. Nola sortu zenuten Kalez Kale peña? 
Egia esan, peña momentu batean sortu zen... Zenbait lagun kuadrilla bildu ginen, eta ilusioa eta gogoarekin proiektua aurrera eraman genuen. 

2. Zergatik sortu zenuten? 
Denak peñakideak ginen, baina ez geunden gustura peñek zeramaten bidearekin. Kalez kale joatea alde batera utzi zutelaren sentsazioa geneukan, eta peñen presentzia kaleetan sendotu nahi genuen, besteekin inolako desadostasunik izan gabe. 

3. Zergatik alkandora urdina? 
Kolore bat aukeratu behar genuen eta urdina aukeratu genuen; ez errepikatzeagatik. 

4. Zertan bereizten zarete?
Hasieratik bi gauza izan genituen argi: lehenengoa, herri osoa txarangarekin zeharkatu nahi genuela eta, bigarrena, ez genuela inolako erakunderekin betebeharrik izan nahi. Gure aurrekontua gurea da eta %100 guk egindako lanetik ateratzen da. 

5. Zenbat kide zarete? 
Ez dugu zenbaki zehatzik, baina 30 eta 40 pertsonen artean. 

6. Nola aldatu edo garatu da peña urte hauetan? 
Barrutik esan dezakegu ez dela asko aldatu. Zapi bat sartu dugu, alkandora... Baina orokorrean barrura begira oso giro ona mantentzen dugu eta umore ona ezinbestekoa da horrelako proiektu bat aurrera eramateko. 

7. Aurten ereserkia mustuko duzue. Nola sortu duzue? Zertan oinarritu zarete?
Peñaren lehenengo urtean Lesakako Elutxa Txarangarekin kontaktatu genuen eta urte horretatik bertatik haiekin sintonia berezia egon zen. Txaranga ere hasiberria zen eta oso erraz moldatu ginen. Aurreko urtean txarangaren hamargarren urteurrena izan zen, eta abesti bat egin ziguten, eta urteurrenagatik grabatu zuten disko batean sartu nahi zuten. Hortaz, doinuari letra jartzeko eskatu ziguten. Hori egin genuen, eta ereserkia diskoan ateratzen da. Cruz Mari Martinezi eskerrak eman behar dizkiogu berak lagundu digulako ereserkiari letra jartzen, eta omenaldi txiki bat eginen diogu. 

8. Zer dio ereserkiak? 
Orokorrean, gu garena: kalez kale ibiltzen garela festetaz disfrutatzen; musika, parranda eta umore ona dugula; alkandora urdinak han eta hemen dantzan ikusten direla...  

9. Zer prestatu duzue hamargarren urteurrenerako? Festa bereziak izanen dira, ezta?
Urtero ateratzea berezia da. Hau guztia aurrera ateratzeko jende asko inplikatzen da, eta horregatik ateratzea berezia da. Orokorrean, gure egitaraua beti oso antzekoa da: bermutaren orduan biltzen gara, bazkaltzera joaten gara eta ondoren txarangarekin herriko zonalde guztietara iristen saiatzen gara. Kalejiraren amaieran, Zumalakarregi plazara iristen gara eta jaitsiera egiten dugu. Hamargarren urteurrenerako elastiko bat egin dugu. Aurten ere plan berezi bat jarri dugu iganderako. Egitaraua goiz bukatzen denez, astelehenean jende askok lan egiten duenez eta gaua ezin denez asko luzatu, egun arraroa izaten da. Beraz, saiatu behar gara egun osoa ateratzen, bazkaltzera gelditu gabe (kroketen dastaketa eginen dugu tartean), eta horrela egunari ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatuko gara. Ez da hamargarren urteurrenagatik izan, baizik eta festen egutegiaren diseinuagatik. 

10. Zein da zuen festetako unetxoa?
Festetako unetxoak batbatean sor daitezke, edozein momentutan, baina bai esan daiteke Elutxa Txarangako kideekin berriz elkartzea eta agurra oso hunkigarriak izaten direla. Azkenean, oso harreman ona egin dugu eta egun horietako momentu garrantzitsu bat dira.

11. Urtean zehar zerbait gehiago antolatu edo egiten duzue?
Ideiak sortu dira, baina momentuz ez dugu ezer egin. Etorkizunean ikusiko dugu.