Astekaria

Heldutasunera umorearekin

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko ira. 12a, 12:29

'Marietak' ikuskizunaren une bat. UTZITAKOA

Gerontofobia eta 'edadismoa' gaia lantzen du Zirika Zirkus konpainiaren azken lanak, 'Marietak'. Helduntasunera iristearen komeriak modu "positiboan" lantzen ditu, zirku emanaldi bat egiten ari diren izeba eta bi iloben bidez. Altsasun izanen da.

Marietak da Zirika Zirkusen azken lana. Lakuntzako kultur etxean sortu zuten, eta zirku emanaldi bat egiten ari diren izeba eta bi ilobak dira protagonistak. Ainhoa Juaniz Zirika Zirkuseko kidea eta ikuskizuneko protagonistetako bat da: "Izeba gotoien artean dute, asko zaintzen dute, eta ez diote gauza asko egiten uzten. Horri gerontofobia edo edadismoa esaten zaio". Lan honekin, beraz, Zirika Zirkusek zahartzerakoan sortzen direnak azaleratu nahi izan ditu, "baina beti modu positiboan, maitasunetik eta ahizpatasunetik".

Lakuntzan eta Irañetan aurrestreinaldia egin ondoren, Iruñean Gaiarre antzokian Nafarroako estreinaldia egin zuten eta, besteak beste, Donostiako eta Gasteizko festetan egon ziren Marietak ikuskizunarekin. Irailaren 14an, larunbata, 18:00etan, Altsasuko festetan izanen dira ere, Zumalakarregi plazan. 

Izeba eta bi iloben arteko harremana erakusten du 'Marietak'-ek

"Pantxika zirku emanaldiaren aurkezlea da. Bi ilobek parte hartzen dute zirkuan eta ikuskizunean zehar zirku saioak aurkezten dituzte, bitartean, txapa guztia botatzen dute. Beraiek zirku ariketak egitera ateratzen dira eta interakzioak ematen dira izeba eta iloben artean ere. Bukaeran, spoiler, izebak konbentzitzen ditu eta denon artean hausnarketa egiten dugu". Amaia Leoz Aznarez eta Iraia Garcia Salbide dira zirku artista eta iloben paperak egiten dituzten zirku artistak. Hainbat zirku saio egiten dituzte: masta, uztaia, akrobaziak...

"Zirkua da, baina bitartean gaia azaltzen da: helduentzat eta emakumezkoendako zailagoa dela ere, estereotipoengatik". Esaterako, gizonezkoak gizentzen badira ez dela ezer gertatzen baina emakumezkoei "nola jartzen ari zaren, ama" esaten zaiela edo ile urdinak ateratzean gizonezkoak "atraktiboak" direla eta emakumezkoei, aldiz, "zaharrago" diruditela esaten zaiela nabarmendu du Juanizek. "Pixka bat hori azaltzea da". Azkenean, norberaren aldaketak garrantzitsuagoak direla hausnartzea nahi du Zirika Zirkusek ikuskizun honekin, "aldaketa fisikoak oso zailak dira, gizartearen presioagatik are zailagoak, baina askoz garrantzitsuagoak dira aldaketa pertsonalak". 

Mezua
Zirika Zirkusek zirkuarekin batera ikaspen edo mezu bat zabaltzen du. Familiarteko ikuskizunak sortzen dituzte: "Batzuetan esaten dute haurrendako ikuskizunak direla, eta ez. Badira gauzak haurrek ez dituztenak ulertzen, adin guztietarako egiten ditugulako; familian ikusteko". Marietak ikuskizuna aurrekoekin alderatuta zirkuak garrantzia handiagoa hartzen duela azaldu du Juanizek, "zirku bat delako". Konpainiaren beste ikuskizunetan zirkua "kasuala" dela aipatu du Juanizek, "erronkak sortzen dira eta erronka horiek zirku saioak dira, baina kasu honetan zirku ariketak aurkezten dira eta aurkezpen horietan doa mezua. Gainera, ez da batere subliminala. Argi esaten da mezua". 

Juanizek sortu du Marietak ikuskizuneko gidoia, "eta, gainera, urruntasunean sortu dugulako". Zirku artistak Bartzelonan zeuden eta Juaniz Irañetan, "haiek ariketak bertan sortzen zituzten eta nik hemen gidoia; gero Lakuntzakoa kultur etxean elkartzen egon gara. Oso polita izan da Lakuntzako, pila bat lagundu digute, marabilla bat izan da". Elkartzen zirenean gidoia eta zirkua uztartuz joan dira. 

"Heldutasunean oinarritu nahi izan dut nire buruan ikusi dudalako; nire inguruan gertatzen diren gauzak dira, gizartean, telebistan... Nire filosofia hobetzea da, eta hainbestetan horrelakoak ikusten dituzunean, zerbait egiteko momentua da". Feminismoa eta euskara oso "handiak" direla esan du Juanizek, "baina gerontofobia ez da hain gai handia". Eszenatokira bat atera behar denez, "behintzat goazen hori kontatzera, eskaintzera".  

Marietak publikoaren erantzun ona izan du. Lakuntzan eta Irañetan aurrestreinaldia egin zuten. Irintarrak ohituta daude Zirika Zirkusen ikuskizunen kritikoak izatera, izan ere, bertan egiten dituzte aurrestreinaldiak: "Oso publiko ona da. Beraien erantzunari kasu egiten diegu. Ez ditugu gauzak momentuan aldatzen, baina pistaren bat ematen badigute, arrazoi dute, eta aldaketak hortik doaz". Lakuntzan zorte "ona eta txarra" izan zuten, euria egin zuenez emanaldia kultur etxean egin behar izan zuten: "Gure etxean bezala sentitu ginen, ikuskizunaren etxea izan da; jende asko gerturatu zen". Ikuskizuna kalean eta antzokian egin dezakete.