Txirrindularitza

Jorge Azanza, Euskaltel Euskadi taldeaz "harro"

Guaixe 2024ko ira. 9a, 13:00

Jorge Azanza, taldea zuzentzen. UTZITAKOA

Vueltan “egin ahal genuen hoberena” egin dutela uste du Euskaltel-Euskadiko zuzendari altsasuarrak

Irailaren 8an despeditu zen Vuelta, Primoz Roglicek (Red Bull Bora) irabazitakoa, eta balorazioa egiteko unea da. Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendaria, Jorge Azanza altsasuarra bere taldeaz “harro” azaldu da. “Talde guztiaz harro nago; genuena eman dugu. Egin dugun Vuelta, gure ahalmena kontuan hartuz egin ahal genuen hoberena izan da: zortzi ihesaldi, podium bat, Matéren hirugarren etapako mendiko lidergoa, lehiakortasunaren lau sari, sei Top-10...”. Lau aldiz talderik onena izan zen Euskaltel-Euskadi, bigarren, bosgarren, hamalaugarren eta hamazazpigarren etapetan. Halaber, teknikari altsasuarrak Txomin Juaristiri aipamen berezia egin dio. “Guztia eman du, baina ezinezkoa izan da”. 

“Ziurrenik gure Vueltarik onena izan da aurtengoa, 2021 eta 2022 urtekoen ondotik. Txirrindulariek dena eman dute. Ez dugu ahaztu behar Vueltak duen maila zein den, World Tour maila. Gazteenek, Berasategi eta Isasa tartean, txirrindulari gisa hezi egin dira euren debutean. Txirrindulari guztien eta lan talde eta staffaren inplikazioa azpimarratu nahiko nuke: guztiez harro nago. Guztiak inoiz baino batuago gaude, eta, zalantzarik gabe, onena heltzear dago” eskertu du Azanzak.